Bertako 33 kidek agur bazkaria egingo dugu San Migel egunean, gebaratar konde jaunarena izandako Zumeltzegi dorretxeko jatetxean.
Interneten ikus daitekeen bezala (https://olaitturri.blogspot.com), musika eta testua uztartuz 1977an hasi ginen antzerki emanaldiak egiten Oñatiko jaietan.
Herri Egunean izan zen lehena: Herri ezteia, hain zuzen ere.
Harrezkero, hamaika antzezlan egin ditugu; azkena, iazko Gabonetan: Lope Agirreren estatua.
Eta antzezlanok egiteko, ehunka entsegu egon dira tartean, eta baita milaka eta milaka ordu testuak idazten eta buruz ikasten ere.
Testuok, emanaldien argazkiak eta bideoak Interneten daude denen eskura. Eta baita argitaratu diren sei liburuetan.
Agur pozgarria da Olaitturri Kultur Elkarteko kideontzat.
Saiatu gara geure ekarpena egiten Oñatiko historiari, kulturari, euskarari eta herrigintzari, beti musu-truk, eta heldu zaigu erretiro garaia.
Amaitzeko, ezin ahaztu bidean joan zaizkigun adiskideak. Guztiok bezala, ilusioz aritu zirelako.
Eta ezinbestekoa zaigu lagundu diguten denei eskerrak ematea:
- Hainbat herritarri, askori, isilean lagundu digutelako premia izan dugunean.
- Udalari, diruz eta baliabidez lagundu digulako era ezin hobean.
- Medioei, beti aldamenean izan ditugulako lanen zabalkundean laguntzeko.
Denoi agur eta eskerrik asko.
----------
Iñaxio Irizar
Olaitturri Kultur Elkartearen izenean
Oñati