Eskertzen dakien herria

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Artola 2018ko urr. 26a, 07:29

Zorionez, gure gizartean, jende ugari dago ekintzaile izanik ekarpen handia egin izan duena eta egiten duena besteon onerako. Ingurukoei egindako onuraz gain, beraien ekarpen sozial edo kulturalagatik nabarmentzekoak direnak herri bat edo gizarte oso bat izan delako lan horren onura izan duena.

Horrelako bi, behintzat, joan zaizkigu Bergaran azken hilabete hauetan. Bietan, sentsazio bera izan dugu; urteak pasatzen dira eta gizarteak bere bilakaera izaten du. Denbora aurrera doan heinean ahaztu egiten zaigu gaur egun duguna aurretik eginikoaren ondorioa dela eta herrikide batzuek ahalegin berezia egin izateak berebiziko garrantzia eta eragina izan duela egoera horretara iritsi ahal izate horretan.

Eskerrak ematen dakien herriak pertsona horien ekarpenaren neurria gogoratu, ezagutarazi eta aitortu egin behar duela uste dugu.

Hori dela eta, idatzi xume honen bidez gogora ekarri nahi izan ditugu joan zaizkigun bi herritar hauek zer eman diguten bergararroi.

Uda partean, ekainean, Jesus Jauregi –igeri monitorea– joan zitzaigun Arroan. Bergarar ugari agertu ginen bere hiletan. Herritar askok argi daukagu gaur egun dugun eta 50 urte betetzera doan Igeri Elkartea berari zor diogula, hein handi batean.

Pilar Lonarbide irakaslea hil da urrian. Pilarri, Eskola Publikoaren euskalduntze bidean, lehen urrats berri eta zail haietan eragile izatea egokitu zitzaion; euskalduntze prozesua orokortzeko ahaleginetan ipuinen erabileran eta lanketan oinarritutako metodo berri bat eraiki zuen Pilarrek Haur Hezkuntzako ume erdaldunekin euskaraz aritzeko. Ikusi makusi deituriko baliabide aberats hau argitaratua ere izan zen eta Euskal Herriko ikastetxe guztietara hedatu zen.

Agur, Jesus; agur, Pilar. Eskerrik asko!

Eta mila esker, beraiek bezala, eguneroko lan isilarekin guztiontzat onura izan diren edota izaten ari diren ekarpenak egiten ari zareten guztioi.

----------

Josune Alberdi eta Iñaki Artola

Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak