"Lourdes Idoiagari"

Erabiltzailearen aurpegia

Kaixo, Lourdes. Lehenik eta behin, elkartasun mezu bat bidali nahi dizut...

... uste dudalako inork ez duela eskubiderik beste pertsona bat mehatxatzeko, bakarrik desberdin pentsatzen duelako. Badakit ere oñatiar petoa zarela eta zure herria maite duzula, ez daukat inongo dudarik. 

Baina asteleheneko Goiena papera hartu eta zure elkarrizketa irakurri dut, eta badauzkat ezadostasun puntu batzuk zurekin. 

Lehenik eta behin, 350 pertsona joan zirela atez atekoari aukera bat eskatzera eta PaP Ez! Plataformako kideek 2.416 sinadura aurkeztu zituztela udaletxean bosgarren edukiontziari aukera emateko eskatzen. 

Nik pixka bat urrunago joan behar dut. Hauteskundeetan, Bilduk, bere programan, Oñatin atez atekoa jarri behar zuela esaten zuen, beste gauza batzuen artean, eta herritarrek gehiengo osoa eman zioten, 3.000 bototik gora emanda. Horregatik uste dut zure taldetik (EAJ) hainbat aldiz defendadutako joko demokratiko horretan, Bilduk eskubide osoa daukala atez atekoa martxan jartzeko, eta ez eskubidea bakarrik; gainera, nire ustez, herritarrei emandako hitza betetzen ari da. 

Garbi utzi nahi dut auzi honetan ez nagoela ez Bilduren alde eta ez EAJren kontra, ni atez atekoaren alde bakarrik nago. 

Ados nago zurekin atez atekoa inposizio bat dela herritar batzuentzako, baina, nire ustez, ohiturak aldatu beharra dago zabor bilketarekin, eta bosgarren edukiontziarekin ez dut uste lortuko dugunik. 

Adibide bat jarriko dizut: pentsa ezazu trafiko arau guztiak kentzen ditugula (trafiko araua ere inposizio bat da, baina ohituta gaude), nor bere autoarekin edozein kaletan ibili, edozein lekutan aparkatuta utzi, nahi duen norabidean ibili... Uste dut nirekin ados egongo zarela kaosa izango litzatekeela esaten dudanean. 

Nire ustez, gaur egun zabor bilketaren gestioa horrela dago, eta herritar guztiei bilketarako arauak ipintzea beharrezkoa da, eta gaur egun ezagutzen dudan gestio bakarra hori arautu egiten duena atez atekoa da. 

Bukatzeko, utzi politika alde batera eta pentsatu pixka bat atez atekoa martxan jartzen bada, hemendik urte batera herria hobeto, txarrago edo berdin egotea lortzen badugu denon artean %80 birziklatzea, ez dut uste inongo kalterik egingo digunik.

Agur bat, nire partetik.

--------------------

Iñaki Arregi

Oñati

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.