Askotan esaten zigun amak: "Idatziko nieke, idatziz ondo adierazten jakingo banu, horrenbeste babes behar duten une hauetan!".
Ba, egin dezagun, ama.
Eskerrik asko zuei, Onkologikoko mediku, espezialista, langile eta harreragileei. Eskerrik asko Oñatiko anbulatorioko langileei eta Santiago Ospitaleko, Arrasate Ospitaleko nahiz Txagorritxuko erizain, garbitzaile eta sukaldariei. Eskerrik asko etxera etortzen zineten medikuei eta Arrasate Ospitaleko zaintza paliatibokoei. Denei, bihotz-bihotzez, mila esker.
Pandemia gogor honen pean lan egin arren, gertutasuna, goxotasuna eta profesionaltasuna besterik ez dugu jaso guk.
Gure miresmen eta eskerrik beroenak, une oro ondoan sentitu zaituztegulako. Zuen profesionaltasuna azpimarratzekoa izan da. Badakigu une zail hauetan zuetako bakoitza ahalegin berezi bat egiten ari zaretela hori horrela izan dadin.
Familian oso eskertua gaude Osakidetzako profesional-talde osoak emandako arretagatik. Horregatik, gizarte honetan horren beharrezko zareten langile guztioi gure babes osoa eskaini nahi dizuegu. 2023 urte osasuntsu oparoa guztioi!
----------
Iñaki Olalde
Olalde Altzelai familiaren izenean
Oñati