Goizean leihoa irekitzen dudanean paisaia bera izaten dut, kanpoko klima edozein delarik. Kanpoan eguraldi ona edo txarra izan, nire haitzuloko egunek grisak izateko joera daukate.
Oso gutxitan aurkitzen naiz auzokideren batekin, eta elkar sakon ezagutzen ez badugu ere, badakit zein diren haren musika-gustuak, barruko patio batean dena entzuten delako; betiere, zure borondatearen kontra. Eta blokeo mentala sentitzen dudanean, iruditzen zait pladurrezko kartzela batean bizi naizela. Hala ere, kalera irtetean, egunero burutik pasatzen zaidan txorakeriez ohartzen naiz. Ez dut gura imajinatu horrelako zenbat gauza pentsatzen dudan egunean zehar, ia beti oharkabean. Baina bihar berriro. Seguru ez naizela bakarra.