Hedabideetan ere gerra giroa dago, telebistak paperen aurka, manipulabideak hedabideen aurka. Manipulabideak eta hedabideak, manikeismo sinplista eta azterketa konplexu eta poliedriko horretan datza borroka.
Egun, aztertzen badugu zer gertatzen ari den Ukrainan telebistara begira, onak eta txarrak daude: Ukrainako herritarrak eta Putinen gobernua; ez da aztertzen Ukrainako nazia den gobernua edo 2014a ezkero dagoen gatazka Donbassen eta Krimean. Manipulabideek dekretatu dute gerra dagoela, fokua jarri dute Ukrainan; Yemen, Palestina, Mediterraneoko hilerria eta beste gerra guztiak kamerako lausotuan galdu dira. Hedabideek, batez ere, paperezkoek eta egunkari digital batzuek, diote gerra bazegoela Ukrainan; 2014a ezkero Donbassko lurraldean, adibidez. Manipulabideek esaten dute Putin zoroa erruduna dela; hedabideek diote errudun asko daudela: Putinen gobernu kapitalista, Ukrainako gobernu nazia, militarista den NATO eta inperialista den AEBetako gobernua. Manipulabideek ekartzen digute argi eta garbi Ukrainako herritarren sufrimendua, eta ezkutatzen dizkigute azpian dauden interes ekonomiko eta geoestrategikoak; baita NATO gero eta gehiago inguratzen ari dela Errusia, lehengo SESBren (URSS) partaideak bereganatzen. Hedabideak, aldiz, saiatzen dira guda honen aspektu guztiak argitaratzen: Donbassko gatazka, Maidam-eko txikizioa, gasaren interesak, NATOren militarismoa; Errusiako eta AEBetako gobernuen interes ekonomiko eta geoestrategikoak...
Egiara hurbiltzea oso neketsua da; izan ere, egia konplexua da beti. Batez ere, nazioarteko gatazketan. Ezin dira aztertu orain gertatzen ari diren gauzak iraganeko aldagaiei begiratu barik, jatorria arakatu gabe, besteen interesak ikertu gabe. Ukrainako gerrarekin batera, beste herrialde batzuetan ere badaude gerrak, dozenaka; gehienak, Afrikan. Adibide txiki batek balioko du ikusteko zenbateraino manipulatzen gaituzten: jende asko ados egongo da Europar Batasunak hartutako neurri ekonomikoekin Putin eta bere gobernua estutzeko; baina galdera da: zergatik ez dira estutzeko neurri ekonomiko horiek hartzen Saudi Arabiaren eta Israelen aurka? Palestinak eta Yemenek ez dute merezi gure laguntza eta elkartasunik? Saudi Arabiako diktadurak Ukrainako gerra dela-eta dirutza aterako du bere petrolioarekin; aldi berean, Yemenen egindako suntsiketa bigarren planoan gelditzen da.
Telebistek lortu lortu dute Putinen irudia satrapa eta psikopata moduan agertzea, Libian gertatu zen moduan Muamar el Gadafirekin; Libiako inbasioaren atarikoa izanik. Aznarrek, Bushek, Bidenek eta boteretsu askok ze motatako profil psikologikoa izango ote dute? Ondo arakatuz gero, antzerako diagnostikoa izango lukete: nartzisismo soziopatikoa, hain zuzen ere. Manipulabideei eta telebistei interesatzen zaie entzule kopurua, ez egia; horretarako, berriak ematen lehenak izan behar dute, nahiz eta egiaztatu gabe izan.
Laburbilduta, gure munduan bakea armen negozioa duten eskuetan dago. Si vis pacem para bellum esaldi madarikatuak gobernatzen du gure bizitzaren gurpila. Larregiko testosterona eta soziopatia gobernu gehienetan. Saramagok zioen etorkizuneko faxistek ez zituztela errepikatuko Hitlerren eta Mussoliniren estereotipoak; faxista berriek, keinu militar gabe, hitz egingo dutela gehiengo batek nahi duenari begira: ongitasuna, familia, ohitura onak, erlijioa eta etika. Jende asko ez da konturatuko historia errepikatzen ari dela.
Gu eta besteak; binomio hori gerren sustrai ideologikoa da. Binomio hori desegin arte hierarkiak izango dira; eta guk ordaindutako armekin besteak hilko dituzte edota besteek gu hilko gaituzte binomioren isiltasunean. Gu orokortzeko eta besteak desegin ahal izateko hierarkiak bota behar ditugu; izan ere, hierarkek besteak-en kontura bizirauten dute. Gu, herritarrok, beti gerraren aurka; irabaztekorik ez, eta galtzeko osasuna eta bizitza daukagu, besterik ez. Hala ere, justiziarik gabeko egoerei aurre egin behar zaie; gure geldotasuna eta isiltasuna nepotismoaren konplizeak dira; Beraz, indarrak eta kemena ondo zuzenduta, hierarkiaren aurka borroka gehiago, bai generoena, bai klasearena eta arrazarena. Horretarako, itzungi telebista, zabaldu liburuak, aukerako prentsa irakurri eta kaleak bete.