Uriarte anai-arrebek izugarrizko ikasgaia eman digute. Aitziber, gorra izanik, medikuarengana joan eta musukoa kentzeko aukera ezean, komunikatzeko ezintasuna salatu dute. Eñautek bertso dotore bat atondu, eta biek ETBko saio batean egoera azaldu ziguten.
Zer pentsa handia eman dit. Eurei esker ohartu naiz gorrei egoera zenbateraino zaildu zaien; komunikatzeko dituzten zailtasunei, ia ekidin ezina den oztopoa erantsi die egoerak. Pentsatu dut zein gaitasun gutxi izan dudan bestearen larruan jartzeko, bestea ikusteko, bestearen zailtasuna sentitzeko… Enpatizatzeko.
Egoera zaila izaten ari da guztiontzat, baina batzuentzat gogorragoa izaten ari da: gorrak izatea, adinekoak, egoera ahulean egotea, lan gorabeherak izatea, gaixotu izana, erantzukizunei erantzun beharra… Besteen mina eta egoera ikusten saiatzea ez da ariketa makala. Sarritan, ikusia eta ulertua sentitzea izaten da botika aringarria. Komeni zaigu ikusmira zabalduz arreta horretan jartzea. Eskerrik asko, Aitziber eta Eñaut, ariketa hau egiteko aukera emateagatik.