Orainaldiko nia

"Iñigo, zure etorkizuneko niak eskertuko dizu". Esaldi horixe ageri zait gutun-azala ireki eta beltzezko letra handiez. Arreta piztu dit, eta irakurtzen jarraitu dut. Dio gaur egungo niak etorkizuneko nia gustura, momentu oro gozatzen, estres barik, paraje berriak ezagutzen, eta abar ikusi gura duela.

Testuan atzeraka egin dut, eskuorrian gora eginez. Izenburua berrirakurri dut. Bat-batean, ez nekien etorkizun iragarle baten propaganda ote zen, edo, segundo batzuk lehenago ikusi moduan, banketxe bateko gutun-azala ote zen. Afalaurreko une gozo horietako batean harrapatu nau gaur egungo niak, eta irakurtzen jarraitu dut, etorkizuneko niak sorpresa gehiago emango didalako ustean.

"Orain emandako urrats bakoitzak gerturatzen zaitu gura duzun etorkizunera", diost eskuorriak beheraxeago. Behingoagatik, zati batean, ados gaude: orainaldiak berak jaten du etengabean etorkizuna. Iritsi zait eskuorriaren B aldeaz gozatzeko unea; bueno, edo iritsi zaio etorkizuneko hurbileko niari orainaldiko nia izateko momentua. Bada, ez zaio batere gustatu ikusitakoa; aitzitik, arreta guztia galdu du. Ontzi urdin batean da, dagoeneko, banketxeak bidalitako inbertsio fondoen proposamena.

Eskuorria kartoi artean hondoratu moduan azaleratu da orainaldiko niaren biziraupenerako garrasia. Ezin duzu une oro bizi etorkizuneko niarengan pentsatzen! Lanera sartzean irteerarekin, astelehenean ostiralarekin, urrian abuztuarekin, nerabezaroan helduaroarekin, helduaroan jubilazioarekin… eta abar, eta abar, eta abar.

Orainaldiko niak baditu nahikoa zeregin, betebehar eta eskubide orainaldiko gu, hi, zu, zuek eta haiek guztiekin bat eginda momentua bizitzeko, sentitzeko eta gozatzeko. Erabakia hartu dut: afari eta berbaldia bizi, sentitu eta gozatuko dut orain, baditut-eta nahikoa arrazoi.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak