Horixe bakarrik falta genian… Ez dik, bada, esaten astakirten horrek hemen ezin garela jolastu? Joan hadi mezetako intsentsu puta hori arnastera, ea tripak nahastu eta zaharren egoitzara bidaltzen hauen norbaitek! Ospatuko diagu guzti-guztiok eta gogotik, gainera. 13 urtean hemen jolastu gaituk, eta hik esango diguk ezin dela, artaburu hori!
2010. urteko irailaren 6a:
Dena eman behar diat gaur gauean! Lagunekin batera sua emango zioat gauari, garagardoari, eta inork aurrean jartzen didan edozeri! Eta gaua ondo amaitzeko, goizaldeko itzuliaren aurretik, lo dauden gizajo ximel buruhandi guztiei tinbrea erreko zioagu eta izorratu daitezela! Kar-kar-kar-kar! Eta biharko egunean atso edo agure bati mendira joatea otutzen bazaio eta gurekin trikitx egiten badik… jar hidak puntua, bertsoa eskainiko zioat-eta!
2044. urteko azaroaren 21a:
Gaur ere kalean zebiltzak… Gazte horiek ez ditek erremediorik. Jakina, gurasoak ere berdin-berdinak izango dituk, eta, badakik, nolako zura, halako ezpala! Uste ditek, gainera, munduaren jabe direla. Jarriko nitizkek nik kaleak garbitzen goizean goizetik; sagar ustelak horiek baino gehiago balio dik. Eta, entzun-entzun, zarata batean, guztiok beraiei begiratzeko moduan. Potrozorri halakoak!
2065. urteko otsailaren 14a:
Gaur ere hemen zarabiltek baloi puta hori jo eta sua! Hamaika futbol zelai herrian, baina ez, kaka ume hauei ingurukoen lasaitasuna eztandaraztea gustatu! Gaur bertan deitu behar diat udaltzainenera, eta etor daitezela berandu baino lehenago kartela jarri eta hemendik alde egiteko agintzera! Etorri eta hori egiten ez baditek, botako naitek lurrera, baloiak jota, eta orduan ea nork laguntzen nauen! Hori gertatzen baduk, alde egingo ditek astakirten mukitsu horiek guztiek, eta entzun beharko diat, gainera, beraiek ez direla izan!