Askok ez dakite hura izan zela Eguna euskara hutseko lehen egunkariaren sustatzaileetako bat, 1937an. Handik gutxira erail zuten, eta hegoak ebaki zizkion diktadurak proiektuari. Lauaxeta oso kontziente zen, une kritiko batean, Euskadirentzat euskaraz sortzeak zuen garrantziaz, gure hizkuntza modernitatera ekarri beharraz, eta hedabideek zuten ahalmenaz. Eta garbi zuen ere indarrak batuta heldu behar zitzaiola helburu horri. Euskara, elkarlana, komunitatea eta berrikuntza. Goienaren ibilbidea bultzatu duten lau balio. Herritik euskalgintza, eta euskalgintzatik Herria.
Duela 25 urteko sorrerari erreparatu besterik ez dago: euskara eta kultur elkarteek, gurasoek, gazteek eta udalek egin zuten bat eskualde mailako ekimena mamitzeko. Bazeuden, lehenagotik ere, udalerri mailako hedabide arrakastatsuak, herri aldizkari eta telebistak, ondo funtzionatzen zutenak. Baina ausardiarekin eta anbizioarekin jokatzea erabaki zuten, euskarazko tokiko komunikazioarentzat etxe zabalago eta sendoagoa eraikitzeko, habe sendoak izango zituena, norbanako interesak alde batera utzita. Aukeratutako formula ere esanguratsua izan zen: jabekide desberdinak zituen kooperatiba berritzailea eratzea, langileen partaidetza eta lehiakortasuna uztartuz. Hala behar zuen, ezinbestean, Arizmendiarrietaren eskualdean.
Gertutasunetik, eskualdea sendotzen lagundu du Goienak. Nahikoa da ibaien arrastoari segitzea bailarek gure Herrian, eta Gipuzkoan bereziki, duten pisuaz jabetzeko oreka eta kohesioari begira. Bai ekonomikoki eta baita sozialki ere. Hortik abiatuta, esan liteke debagoiendar izaera trinkotu duela, Leintz Gatzagatik Antzuolaraino. Lotu egin ditu herriak eta herritarrak, komunitate baten parte sentiarazi, kultur eta kirol elkarteen, enpresen eta alor ezberdinetako eragileen egunerokotasunaren berri emanez. Etxe guztietara helduz, formatu desberdinetan, izen-abizendun kazetaritza eginez. Eta ez da, gainera, bitartekari hutsa izan. Ez da protagonisten berri ematera mugatu. Eragile izan da Goiena bera ere, ekimen partekatuak bultzatzen, tokiko merkataritza sustatzen, edo askotariko eduki kulturalak sortzen. Betiere, euskaratik eta euskaraz.
Gure hizkuntzari egindako ekarpenak lotura estua du kalitatearekin eta bikaintasunarekin. Goienak sorreratik izan du garbi izaera herrikoia eta euskararen aldeko hautua profesionalizazioarekin, berrikuntzarekin eta lehiakortasunarekin uztartu beharra zegoela. Produktu ona egitea zela euskara prestigiatzeko eta indartzeko modurik onena. Eduki propioak sortu behar zituela, teknologian inbertitu behar zuela, eta benetako kazetaritza egin behar duela, beste aktoreek sortutako prentsa ohar eta dosierren biltegi hutsa izatearekin ezin zela konformatu. Oso testuinguru exijentean, horiek ziren bideragarritasuna bermatzeko gako eztabaidaezinak.
Konbentzimendu horrekin, egokitzeko gaitasun handia erakutsi du Goienak azken urteetan. Etorkizuneko erronkei aurre egiteko grina eta multimedia bokazioa presente egon dira hasieratik, eta alor askotan aitzindari izan da: webguneak, blogak, gida digitalizatuak, telebistaren digitalizazioa, telefono mugikorretara moldatzea… Giza baliabideetan eta egiteko moduetan ere berritzailea izan da, munduko eredu aurreratuei begiratuz, BBCri, esaterako, multimedia kazetariaren figura ezartzerakoan edo mugikorrekin grabatzerakoan. Horrela, Jon Sarasuak berriki adierazi bezala, Euskadiko beste lurralde eta eskualdeetan komunikazio ekimen arrakastatsuak abiarazteko inspirazio izan da, bidea leunduz. Eta haien arteko elkarlanaren eta egituratzearen hazia erein zuen, Tokikom-en loratu dena.
Goienak erakutsitako pultsu eta dinamismoari eustea ezinbestekoa izango da, ordea, etorkizuna ez dagoelako ziurtatuta. Gogoeta sakona egin behar dugu eztabaidarako, informaziorako eta komunikaziorako behar dugun espazio publiko berria antolatzeko moduari buruz. Populismoa goraka doan honetan, demokrazia indartzen lagunduko duen eta Euskadiko kezkei, lehentasunei eta agendari erantzungo dien hedabideen sistema propioa indartzeko prozesuari buruz. Euskal komunikazio ekosistema sendoa, nazio ikuspegi argia izango duena, eta euskarak premiazkoa duen jauzia ematen lagunduko gaituena. Adierazpen-askatasuna, aniztasuna, bizikidetza, izaera komunitarioa, errespetua, botere publikoen fiskalizazioa eta halako balio tronkalak bermatzea ahalbidetuko duena. Finean, Herri gisa hazten lagunduko gaituena, gure nortasuna eta balio demokratikoak indartuz.
Funtsezko bi osagai eskatzen ditu erronkak. Batetik, kazetaritza etikoa, zintzoa, independentea, egiazko informazioa emateko betebeharrarekin konprometitua, eta zerbitzu publikorako bokazioa duena. Herri, lurralde, eskualde eta udalerri mailako proiektu sendo, egonkor eta ekonomikoki bideragarriekin. Eta bestetik, ekarpen hori dagokion neurrian baloratuko duen gizarte bat, informatzeko erantzukizuna bere gain modu aktiboan beteko duena, espiritu kritikoarekin, baina egia bilatzeko, ikasteko, eta bere aurreiritziak gainditzeko borondatearekin. Eguneroko errutina itogarrian, informatzeko denbora hartuko duena.
Galdera deserosoak egin behar dizkiogu geure buruari, eta zintzotasunez erantzun, asmatu ahal izateko: zenbateraino daude aipatutako osagaiak bermatuta? Nolakoa zen duela 25 urteko gizartea, eta nolakoa da orain? Zeintzuk dira herritarren informazio ohiturak? Nola erakarri ditzakegu gazteak euskarazko hedabideetara? Eta euskaraz egiten ez dutenak? Atzerritik iritsitakoak? Zenbateraino eusten diogu Goienaren sorrera ahalbidetu zuen herrigintza antolatuari? Ze erronka dakartza adimen artifizialak, edukien sorkuntzan eta kontsumoan? Benetan uste al dugu desregulazioa, anonimotasuna, toxikotasuna edo opakutasuna ezaugarri dituen espazio digital batek Euskadiren eta euskararen beharrei eta garapen demokratikoari erantzungo diela?
Gehiago ere jar genitzake mahai gainean, baina nahikoak dira dugun desafioaren tamainaz jabetzeko. Baikortasunez eta konfiantzaz jokatu behar dugu, azken mende laurdenak agerian uzten duelako asko egin dugula aurrera. Goiena Komunikazio Taldearen erregistroak utzi zuen pasadizoak ondo islatzen du: Bilborako bidaia egin behar izan zuten mikrobusean sustatzaileek, euskaraz lan egiten zuen notariotza bakarra bertan zegoelako –egun Euskaltzaindiko presidente den Andres Urrutiarena–.
Orduan bezala, edo Lauaxetak oraingoak baino garai askoz gogorragoetan egin zuen bezalaxe, momentuaren irakurketa egokia egin, kontzientzia hartu, eta sentsibilizazioan sakondu behar dugu. Inoiz baino gehiago behar dugu kazetaritza arduratsua eta konprometitua. Baita hori ahalbidetuko duen tokiko eta eskualdeko hedabideen ekosistema aberats eta trinkotua. Zalantzarik ez dut lortuko dugula, elkarlanaren eta berrikuntzaren bidea urratzen baldin badugu, erakundeak, gizarte antolatua eta herritarrak bat eginik.
1937ko Eguna-k, euskarazko gure lehen egunkariak, honela zioen goiburuan: Ele bako errixa ezta ezer (…) Euzkerea, ba, ezin bixi ixango da, euzkeraz idazti ta irakurri egiten ezpadogu. Eskerrik asko, Goiena, nahi horri erantzuteagatik eta 25 urte hauetan egindako bide oparoagatik! Zorionak, eta segi, denen istorioei esker, gure historia idazten!
----------
Imanol Pradales Gil
Eusko Jaurlaritzako presidentea
Santurtzi