Granadan (Espainia) egin dute ekitaldia, eta hiru ordu eta erditik gora iraun du; ohiko moduan, sarituen hitzaldiak izan dira protagonista. Maribel Verdú eta Leonor Watling aktoreek aurkeztu dute ekitaldia, eta Valentziako urriko uholdeen biktimak hartu dituzte gogoan ekitaldiaren hasieran.
Euskal Herrian zeresan handiagoa eman du, ordea, beste film sarituak, Arantxa Etxebarria bilbotarraren La Infiltrada-k. ETAn infiltratu zen Espainiako Polizia baten istorioa kontatzen du lanak. Hau zioen Urtzi Urkizu BERRIAko kazetariak filma ikusi berritan: "La infiltrada filma benetako gertaeretan oinarrituta dagoela diote ekoizpena saldu dutenek, nahiz eta 1990eko hamarkadan gertaera haiek bizi izan zituztenekin ez duten hitz egin. Emaitza manikeoa eta demagogoa dela esatea gutxi esatea da".
Film horretan egindako lanagatik, Carolina Yustek emakumezko aktorerik onenaren saria irabazi du.
Galaren nondik norakoak
Orotara, El 47 filmak bildu ditu sari gehien, bost, eta Segundo premiok eta La habitación de al ladok hiruna sari lortu dituzte. Marcok eta La infiltradak bezala, La virgen rojak eta La guitarra flamenca de Yerai Cortések bina sari beretu dituzte.
Miguel Rios granadar abeslariak eman dio ongietorria, bere hirian, galari, "Bienvenidos" abestiaren doinupean. Maribel Verdú eta Leonor Watling aktoreek aurkeztu dute ekitaldia, eta Valentziako urriko uholdeen biktimak hartu dituzte gogoan ekitaldiaren hasieran.
Aitana Sanchez Gijon aktoreak Ohorezko Goya saria irabazi du gaurko galan, bere ibilbidearen omenez, Maribel Verdu lankide eta adiskidearen eskutik.
Gere saridun
Bestalde, Richard Gere estatubatuar aktoreak Nazioarteko Goya saria jaso du Antonio Banderas aktorearen eskutik. Days of Heaven, An Officer and a Gentleman, The Cotton Club, Pretty Woman eta Chicago filmen protagonista sari hau jaso duen laugarren interpretea da Cate Blanchett, Juliette Binoche eta Sigourney Weaverren ondoren.