Veneziako Zinemaldian estreinatuko dute 'Marco'

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Gallego 2024ko uzt. 26a, 12:14

Eduard Fernandez aktorea Enric Marco interpretatzen Marco pelikulako fotograma batean.

Aitor Arregi eta Jon Garaño zinema-zuzendarien film berria Veneziako 81. Zinemaldian Orizzonti sailean lehiatzeko aukeratu dute. "Hautatuak izatea soilik saria" dela aitortu dute, eta erakusleiho ederra izango dela eurentzat azpimarratu.

Aitor Arregik eta Jon Garañok zuzenduta eta Jose Mari Goenagaren eta Jorge Gilen gidoiarekin Moriartik, Irusoinek eta Atresmediak ekoiztutako lana da Marco filma; Enric Marco famatu egin zuen bizitza-etapan oinarrituta dago. Mundu guztiari nazien kontzentrazio-esparru batean preso egon zela sinetsarazi zion urteetan zehar, baina jakin zen ez zela sekula kontzentrazio-esparru batean egon.

Gizaki guztiek maitatuak izateko duten beharraz hitz egiten du lanak; eta istorio horretako protagonistak marra gorri hori gainditu zuen; gizon konplexua zen… Eztabaida sortu dezakeen filma ere bada; hau da, aretotik atera eta zeresan asko izan dezake. Hori asko gustatzen zitzaigun istorio horretatik, eta espero dut ikusleari ere hori eragitea", dio Aitor Arregi zinema-zuzendari oñatiarrak.

Saria, han egotea

Filma abuztuaren 28tik irailaren 7ra egingo den Veneziako jaialdian aurkeztuko dute, eta aukeratua izatea soilik saria dela dio Arregik; izan ere, lehen aldia da Moriartikoen filmetako bat jaialdi horretan aukeratzen dutena: "Veneziakoa guretzat sekulako erakusleihoa da, eta etxetik kanpo ateratzea gure lana ere oso garrantzitsua da guretzat. Zinemaren munduko fokua han egoten da, eta han bertan egotea sekulakoa izango da".

Asun Arzuagari eskerrak

Filma azaroaren 8an iritsiko da zinema-aretoetara, eta esker mezua bidaltzeko aprobetxatu du Arregik: "Asun Arzuaga zuzendari eta aktore oñatiarra aipatu nahiko nuke; pertsonaia ederra egin zuen, eta eman digun guztiagatik oso eskertuta gaude. Zoragarria izan zen egun batez harekin lan egitea, baina, zoritxarrez, narrazioarengatik hainbat eszena kendu egin ditugu, hura agertzen zena, eta pena izan da. Hala ere, gure pelikularen parte sentitzen dugu".

Filmaren errodajeko une batean bi zuzendariak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak