Gerraosteko istorio bat Altunaren film berrian

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Gallego 2024ko api. 26a, 17:08

Eneko Sagardoy eta Jone Lazpiur aktoreak Asier Altunarekin. Argazkia: David Herranz.

Kirmen Uriberen Elkarrekin esnatzeko ordua eleberrian oinarritutako Karmele fikziozko film luzea ari da grabatzen Asier Altuna Kixi bergararra; Jone Laspiur eta Eneko Sagardoy dira protagonistak, baina Debagoienekoak ere badira aktore lanetan.

30eko hamarkada amaieran Frantzian erbesteratuta dagoen erizain euskaldun bat da Karmele Urresti –Jone Laspiur aktoreak gorpuzten du–. Txomin Letamendi tronpeta-jole birtuosoa ezagutuko du Frantzian – filmean Eneko Sagardoy aktoreak interpretatuko du–. Maitasun eta konpromiso politikoko istorio bat bizi izango du bikoteak askotariko herrialdeetan bizi ondoren; Parisen, Caracasen eta Euskal Herrian, besteak beste. Familia bat osatuko dute elkarrekin, elkarrenganako konplizitate osoarekin, harik eta bi aukeraren artean erabaki behar duten momentua heltzen den arte: familia edo ideiekiko fideltasuna. Hala laburbiltzen dute Asier Altuna kide den Txintxua Films ekoiztetxeko arduradunek egunotan errodatzen ari diren film luzearen istorioa.

2018an iragarri zuen Bergarako zinemagileak Karmele filma egiteko asmoa, eta, beharrezko finantzaketa lortu ondoren, orain dela egun gutxi hasi da grabaketa egiten. Euskarazko proiektu bat da eta Asier Altuna Kixi zinemagileak eta Marian Fernandez ekoizle eragileak gidatzen duten Txintxua Films eta Esnatzeko Ordua Films ari dira ekoizpen lanetan.

Kirmen Uriberen liburua oinarri

Karmele Urrestiren eta Txomin Letamendiren benetako istorioan oinarritutakoa da, Kirmen Uriberen Elkarrekin esnatzeko ordua eleberrian inspiratuta. "Askatasun faltaren aurrean agertzen den pertseberantzia, borroka eta duintasunari buruzko pelikula bat da Karmele. Era berean, kultura, musika eta artea zeharkatzen dituen bidaia bat ere bada. Beti erakarri izan naute hainbat belaunaldiren elkarbizitza erakusten duten historia familiarrek. Karmele ezagutarazi nahi dut, gazte-gaztetatik muturreko egoerei aurre egin behar izan dien emakumea, jarrera ausarta eta konprometitua duena, haren ideiekiko kontsekuentea eta ideia horiek erabakitasunez defendatzen dituena", azaldu du Asier Altuna zinema-zuzendariak.

Asier Altuna: "Kultura, musika eta artea zeharkatzen dituen bidaia bat da"

Altunak idatzi eta zuzendu du filma, eta ohiko lantaldea du ondoan, euskal zinemagintzako profesional asko: Ander Sistiaga produkzio-zuzendaria, Javier Agirre argazki-zuzendaria eta Zaloa Ziluaga arte-zuzendaria, batzuk aipatzearren.

Aurrekontu "handia"

Bilbon, Urduñan eta Lekeition egin dituzte dagoeneko hainbat grabaketa, eta Donostian, Hondarribian, Tolosan eta Lapurdin izango dira datozen asteetan, maiatzaren 31ra bitartean, eten barik errodatzen. "Anbizio handiko pelikula bat da. Handi bihurtu da, eta uste dut pelikula inportantea izango dela", azaldu du Altunak Berria egunkarian egindako adierazpenetan.

Abeslariak ere aktore

Jone Laspiur (Ane, Maixabel, Akelarre) eta Eneko Sagardoy (Handia, Irati, Patria) dira filmeko protagonista nagusiak eta talde artistikoan daude ibilbide luzea duten aktore gehiago; esaterako, Nagore Aranburu (Irati, Querer) eta Javier Barandiaran (Maixabel).

Karlos Etxaniz: "Soinu banda kantatzeaz gainera, antzeztu ere egin dut"

Aurpegi ezagunekin batera, baina, Altunak herrikideengana ere jo du, hasiera batean, abeslari lanak egiteko proposatzera. Hauxe kontatu du haren lagun Karlos Etxaniz bergararrak: "Film berrirako soinu banda kide naizen KUP abesbatzak kantatzea proposatu zidan, eta taldekoekin komentatu ondoren baiezkoa eman genuen pozarren. Donostiako estudio batean grabatu dugu dagoeneko filmarentzako musika. Kixi-ren lantaldeak ekoiztu zuen Oreina filmean ere hala egin genuen, eta esperientzia polita izan zen. Aurrez hainbat soinu bandatan abestu dugu; Lo imposible eta El orfanato film luzeetan, esaterako".

Karlos Etxaniz, grabatzen. Argazkia: K. E.

Eresoinka kultura taldekoak

Filmean kantatzeko proposamenaz harago, aktore lanetan jarduteko proposamena ere egin zion Altunak Etxanizi geroago. "Eresoinka kultura taldeko kideak ziren istorioko protagonistak; hori horrela, filmeko kontakizuneko une batzuek talde horretan bizi izandakoak jasotzen dituzte; izan ere, garai hartan garrantzi handiko kultura taldea izan zen hori euskal politika giroan. Bada, KUP abesbatzako kide batzuk agertuko gara filmean Karmelerekin eta Txominekin kantuan. Hiru errodaje-egunetan izan naiz, eta oraindik ere joango naiz beste hainbat pasarte grabatzera. Kantatzeaz gain, hitz batzuk esateko aukera ere eman digute. Esperientzia polita izan da oraingoan ere, nahiz eta gure egunerokotasuneko lan kontuekin uztartzea ez den samurra izan", gaineratu du Etxanizek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak