71. Donostia Zinemaldia gau honetan amaituko da Kursaalean egingo den itxiera galarekin. Orduan ezagutuko da Claire Denis zuzendari ezaguna buru duen epaimahaiak hartu duen erabakia. Baina momentuz, behin eta berriro errepikatzen den galderak ez dauka erantzunik: zein filmek irabaziko du Urrezko Maskorra? Egia da beste urte batzuetan zurrumurruak entzuten direla han-hemenka, baina aurten ez da horrelakorik gertatu. Izan ere, edizio honetako Sail Ofizialeko lanek ez dute ez aldeko ez kontrako komentario uholderik sortu. Hortaz, kinielak egiteko aukera gutxi izango da eta irabazlearen zain egon beharko dugu. 21:00etatik aurrera jakingo dugu zein izan den, epaimahaiaren ustez, 71. Donostia Zinemaldiko film onena.
Amaiera bizia
Zinemaldiari agur esateko ardura James Marsh zuzendariaren Dance first filmari egokitu zaio. Lehiaketa ofizialaren parte izan ez den film honek Samuel Beckett idazle konplexuaren bizitzan barneratzen du ikuslea, eta XX. mendeko idazle ospetsuenetako baten obra ez ezik bere bizitzako gertakizun nabarmenenak ere lantzen ditu.
Horrela, apurka-apurka ikusleak idazle honen bizitza konplexua ezagutzen joango dira. Hala ere, James Marsh zuzendaria kontakizun kronologiko bat egin beharrean, idazlearen bizitzan garrantzia izandako pertsonaiez baliatzen da istorioa kontatzeko. Dance first filmari esker gainera, Gabriel Byrne aktore ezaguna gertutik ikusteko aukera izan dugu.