Sormenerako lekua

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Gallego 2023ko ira. 23a, 00:10

Kursaalean egin den irekiera ekitaldia.

Izarren etorrera hasita zegoen arren eta lehen proiekzioak abian zirela, Zinemaldiaren oihala Mireia Gabilondok zuzendu duen galak altxatu du. Eva Hachek eta Gorka Otxoak aurkeztu dute irekiera, eta bi aktoreek esan dutenez, Zinemaldia "zinemaren jai handia" izango da bederatzi egunez.

Irrintzi batekin eta Kursaaleko harmailetatik, joaldunen desfilearekin hasi da aurtengo irekiera gala. Eva Hache eta Gorka Otxoak euskaraz hasi dute ekitaldia, "kulturen eta hizkuntzen batasuna" ospatzeko. Aurkezleek pantaila handiaren indarra aldarrikatu dute,  horien ustez, "Zinemak aldatu egiten gaituelako. Utopiak erakusten dizkigu, elkartu egiten gaitu, irteerarik gabeko kalezuloetan leihoak irekitzen dizkigu".

Galak Donostia Zinemaldiaren 71. Edizioaren nondik norakoak aurkezteko eta Urrezko maskorra emango duen epaimahai ofiziala batera ikusteko ere balio izan du. Zinemaren zazpi adituen izenean, epaimahaiburu den Claire Denisek hartu du hitza. Zinema zuzendariak bere hitzaldian onartu du aurten egokitu zaion egitekoa "erronka bat" dela. Epaimahaikideen izenean azaldu du zinearekiko "konpromisoak" mugitzen dituela, eta Kursaalen zeudenei Zinemaldi "zoriontsua" opa die.

Kepa Errasti, Sofía Oterorekin eta Ane Gabarainekin.

Parte-hartzaile ugari

Kepa Errasti aretxabaletarra ere igo da Kursaaleko oholtzara –goiko argazkian–, eta aktore aretxabaletarra ez da bakarrik egon, aurkezpena Sofía Otero eta Ane Gabarainekin batera egin baitu. Galan aurpegi ezagun ugarik hartu dute parte, besteak beste, Dolores Fonzik, Telmo Iruretak, Bob Popek, Cayetana Guillén Cuervok… Aktoreen joan etorriak gala arindu du eta ekitaldi anitza izan da lehen ekitaldi ofizial hau.

Galako izarren artean, Dominic West zegoen, The Wire, The Affair eta The Crown telesailetan egindako lanagatik ezaguna. Westek inaugurazio ekitaldian parte hartu du Fipresci sari nagusia aurkezteko, Kuollet lehdet/Fallen Leaves filmaren eskutik. Bere zuzendaria, Aki Kaurismäki, ezin izan da ekitaldian egon, eta Istafan Schmitz ekoizlea izan da saria jaso duena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak