Gala amaitzeko, gaueko unerik bereziena geratzen zen. Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendaria igo da agertokira, Hayao Miyazaki animazio japoniarraren maisuari Donostia saria emateko.
Ezin izan da aurrez aurrekoa izan, Studio Ghibliren sortzailea ez baita bere Japoniatik irteten, eta saria bideo bidez jaso eta eskertu du zuzendariak. Horretarako, lehendabizi Rebordinosek Hayao Miyazakiri emandako Donostia saria aurkeztu du. Haren ustez, "bere istorioek eduki sakona dute, maisua da eszenaratzean eta bere proposamen artistikoa edertasun handikoa da. Gainera, sortu dituen munduek eta pertsonaiek amesteko eta bere buruaren barrualdera bidaiatzeko bide ematen digute. Gizon azkarra da, bere irudimenak ez du parekorik eta gu, bere zinemari esker, pixka bat hobeak gara", nabarmendu du. Zinemaldiaren zuzendariak aitortu du Totoro nire bizilaguna filmak bereziki hunkitu zuela.
Marrazkilari japoniarra Donostia saria alboan zuela zuzendu zaie ikusle eta gonbidatuei: "Eskerrik asko, Donostia Zinemaldia, izen handiko sari honengatik. Une honetan, egunero nago estudioan, Ghibli parkerako erakusketak sortzen. Espero dut filmarekin gozatzea", esan du Miyazakik Zinemaldiari igorritako bideoan.
Jarraian, ikusleek Kimitachi wa do iki ruka / The Boy and the Heron inaugurazio-filmaren Europako estreinaldiaz gozatu dute; alegia, Japoniako animazioaren maisuaren azken lanaz.