Ainhoaren egun handia

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Gallego 2022ko ira. 23a, 14:01

Fermin Muguruzak Black Is Beltza II: Ainhoa filma estreinatuko du gaur belodromoan. Photocall-a festa handi bat izan da eta bertan izan da Ainhoa protagonistari ahotsa jartzen dion Maria Cruickshank oñatiarra. 

66. Donostia Zinemaldian estreinatu zen Black is Beltza filma eta lau urte geroago Fermin Muguruza musikariak jarraipena eman nahi izan dio istorioari. Bigarren atal honetan Ainhoaren istorioa kontatzen da eta protagonistari ahotsa jarri dion Maria Cruickshank aktore oñatiarrarekin 80. hamarkadan murgilduko da ikuslea. Gidoia sortzeko, lehen atalean bezala, Muguruzak, Harkaitz Cano idazlearen laguntza izan du, bigarren honetan gainera Isa Campo ere aritu da haiekin.

Prozesuak ia lau urte iraun ditu "urte hauek oso mardulak izan dira eta sekulako esfortzuarekin egin dugu" azpimarratu du Jone Unanua ekoizleak. Nabari da lantaldea emaitzarekin pozik dagoela eta lehen emanaldian, kontzertuetan bezala, sold-out batekin hastea "oso berri pozgarria" izan dela onartu dute. 

Belodromoa beteko duten 3.000 ikusleek 400 metro koadroko pantaila erraldoi batean ikusiko dute animaziozkoa. Baina aurkezpena festa handi bat izango dela aurreratu dute. Maria Cruickshank eta Fermin Muguruzaz gain, besteak beste, Itziar Ituño, Gorka Otxoa, Ramon Agirre, Antonio de la Torre... 150 pertsona inguru igoko dira Belodromoko oholtzara.

Goizeko ekitaldira ez da horrenbeste jende etorri, baina filmari ahotsa jartzen dioten aktore ezagun askok babestu dute euskal produkzio hau. 

Zinemetara jauzia

Estreinaldi handi honen ostean, datorren astean, pelikula Valentzia, Madrilen eta Bartzelonan  aurrestreinatuko dute. Ostean, irailaren 30ean, iritsiko da Black is Beltza II: Ainhoa zinema aretoetara. Muguruzak ikusleei zinemara joateko deia egin die "beharrezkoa da lehen asteburuan jendea zinema joatea; ostantzean, filma aretoetatik kenduko dute" azaldu du musikariak. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak