Balenciagaren hariak josten

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Gallego 2022ko ira. 22a, 21:45

'Balenciaga' telesailaren aurkezpen ekitaldia.

Jostun ezagunari buruzko telesaila 2023an estreinatuko da, eta  gaur Balenciaga produkzioaren lantaldeak, tartean Aitor Arregi oñatiarrak, prozesuaren nondik norakoak azaldu ditu. Aurkezpen honetan, primizia gisa, telesailaren musika Alberto Iglesias konpositoreak egingo duela iragarri dute. 

Cristobal Balenciagaren bizitza telesail bihurtu dute Disney + eta Moriartik. Jose Mari Goenagak, Jon Garañok eta Aitor Arregik 16 aste daramatzate euskal moda-sortzailearen bizitza sei kapitulutan laburtuko duen lana grabatzen.

Ohiko proiektu pertsonaletatik at, Balenciaga euren eskuetara iritsi zen enkargu gisa. Hala ere, "askatasun osoz" lan egin dutela adierazi dute. Azken lau hilabeteak filmazioan murgilduta egon dira, baina aurreko prozesu osoa ere luzea izan da: "duela urtebete eman genion hasiera gidoiari, eta orain 15 egun baino ez ditugu falta guztia grabatuta izateko" azaldu du Xabier Berzosa ekoizleak. 

Hiru zuzendariek gogoz heldu diote erronka honi, eta telesailaren gidoia sortzeko Lourdes Iglesias izan duten lankide gisa. Lauren artean Balenciagari buruz zegoen guztia irakurri eta ikusi dute, eta Miren Arzallusen laguntza ezinbestekoa izan da, azpimarratu du Iglesiasek.

Gidoiaz gain Balenciagaren sorkuntzek pisu berezia izango dute telesailean, eta pieza horiek birsortzeko ardura Oscar saridun Bina Daigelerrek izan du. "Erronka ikaragarria izan da, eta modak pisu handia dauka istorioan", esan du alemaniarrak. 

Lantaldearen lana borobiltzeko, eta aurkezpenean geunden kazetarion sorpresarako, Balenciagaren musika Alberto Iglesiasek sortuko duela iragarri dute proiektuaren arduradunek. Donostiarrak hiru zinemagileek sortu duten detailez beteriko atmosfera indartzea du erronka. 

Mitoari arima jarri

Hiru zuzendariek ohitura duten bezala, Balenciaga abizen ospetsuaren atzean dagoen pertsonaia topatzea izan da erronka nagusietako bat. "Akaso ezagutu zutenek esango dute ez dela euren Balenciaga, baina gu gurea egiten saiatu gara" azaldu du Goenagak. Hirurentzako ez da erronka txikia izan, eta asko ikasi behar izan dute. "Modaz oso gutxi zekigun", aitortu du Arregik. 

Pertsonaia mitotik aldendu eta pertsona bezala erakutsi nahi izan dute, bere ezaugarriak errespetatuz. "Bere autoretza, kontrola... hori hor dago" argitu du Goenagak. Cristobal Balenciaga gorpuztuko duen Alberto San Juanek onartu du "fidela" izaten saiatu dela eta inoiz baino gehiago zuzendarien aginduak bete dituela. 

Behin-behineko izenburua duen Balenciaga telesailean Gerra Zibiletik 1970eko hamarkada erdialdera artekoak jasotzen dira. Gainera, errepaso horretan jostun getariarraren bizitzan esanguratsuak izandako pertsonaia asko ageri dira: Christian Dior, Coco Chanel, Hubert de Givenchye, Belgikako Fabiola erregina..."Azken honen ezkontza soinekoak ia atal bat betetzen du", aurreratu du Lourdes Iglesiasek. 

Balenciaga telesailean zehaztasuna da nagusi, eta zorrotzak izateko bide horretan, esaterako, Balenciagak Parisen ireki zuen denda goitik behera kopiatu dute plato batean. Horrez gain, jostunaren bizitza errepasatzeko Gipuzkoako (Arantzazun ere grabatu dute) hainbat txokotan eta Parisen ere filmatu dute. 

Proiektu handia

Hamaika laburmetraia, film luze eta irakagarki bat egin ostean, Balenciaga hiru zuzendarientzat lehen telesaila da, eta hasiera indartsua izatea espero da. Telesail honen datuak iragarriak dira, guztira 100 profesional eta 2.000 estra aritu baitira hamazortzi astez filmatze lanetan.

Baieztatu digutenez bi aste barru bukatuko dute filmazioa, eta ondoren, muntatzen lanetan murgilduko da zuzendari hirukotea. Data zehatzik eman ez duten arren, Balenciaga, 2023an iritsiko da Disney+ plataformara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak