Kanadarra bazkalostean iritsi da Donostiara. Zuzendaria argazkilarien aurrean geratu da, Maria Cristina hotelaren sarreran zeuden zaleak aldiz urrunetik agurtu besterik ez ditu egin. Ondoren hotelaren atarian itxaroten zeukan AEBn Zinemaldiaren Nazioarteko Ordezkari Mikel Olaziregi agurtu eta elkarrekin sartu dira hotelera.
Zuzendariak eguaztenean jasoko du Donostia saria eta gala berean Cronenbergek Crimes of the future filma aurkeztuko du. Pelikula hau Cannesko jaialdian aurkeztu zuen eta bere protagonista Donostia saridun Viggo Mortensen da.
Carlos Saura ez da etorriko
Zinemagile espainiarrak bere azken filma den Las paredes hablan filma Zinemaldian aurkezteko asmoa zuenak, ezin izango du bidaiatu azken orduan izandako eroriko baten ondorioz. Zorionez, istripuak ez du ondorio larririk izan, baina Carlos Saura ezin izango da Donostiara etorri.
Dokumentalaren aurkezpenak bere horretan jarraitzen du eta bihar, besteak beste, Suso33 sortzaile urbanoa, Cuco grafitigilea eta José Morillas gidoilaria egongo dira aretoan filma aurkezten.