Juliette Binoche: "Beti sentitu dut Zinemaldiaren berotasuna"

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Gallego 2022ko ira. 19a, 00:26

Juliette Binoche Donostia sariarekin.

Juliette Binochek Donostia Zinemaldiaren 70. edizioko lehen Donostia Saria jaso du. Isabel Coixet zinema zuzendariak eman dio Zinemaldiaren ohorezko sari nagusia, eta, ekitaldiaren ostean, Binochek parte hartzen duen Avec amour et acharnement filma proiektatu dute.

Eneko Sagardoyk aurkeztu duen ekitaldian eta honela definitu du omendua: "Bere ibilbidearen baitan talentu ikaragarria, pantaila gainditzen duen karisma eta ausardia erakusten duten hautuak biltzen dira”.

Hitz eder horien ostean frantziarraren ibilbidea laburbiltzen duen bideoaren txanda izan da, eta ostean igo da Juliette Binoche agertokira. Isabel Coixetek eman dio saria eta aktorea biziki hunkitua zegoela nabaritzen zen.

Binochek eskerrak emateko hitzaldian senideak, lagunak, gertukoak, kolaboratzaileak eta lankideak gogoratu ditu. Zinemaldiari ere eskerrak eman dizkio maite dituen zinemagileen filmak erakusteagatik. "Etxean bezala sentitzen naiz hemen", adierazi du hunkituta aktore frantziarrak.

Bere hitzaldia eskaintza berezi batekin amaitu du, “Bidelagun leial bati ere eskerrak eman nahi nizkioke: isiltasunari. Isiltasuna presentzia bat da. Sekuentzia bati heldu aurretik, interpretatu aurretik, isiltasuna indarra da niretzat" esan du Binochek. 

Ibilbide oparoa

Lehen urratsak antzerkian egin eta aktore gisa Frantziako Arte Dramatikoko Kontserbatorio Nazionalean trebatu ondoren, Juliette Binochek  zineman debuta egin zuen 1983an Liberty Belle filmean.

Bere ibilbidean, film frantsesak ingelesez egindako beste lan batzuekin tartekatu ditu, bestak beste, The Unbearable Lightness of Being (Philip Kaufman, 1988), Wuthering Heights (Peter Kosminsky, 1992) eta Damage (Louis Malle, 1992) lanetan aritu da. Horietan, hurrenez hurren, Daniel Day-Lewisekin, Ralph Fiennesekin eta Jeremy Ironsekin batera aritu zen. Aipatutako aktoreez gain, bere karrera oparoan paristarrak Judi Dench, Steve Carell, Catherine Deneuve, Johnny Depp, Ethan Hawke, Samuel L. Jackson, Olivier Martinez, Clive Owen eta Robert Pattinson izan ditu lankide bezala.

Binochek superprodukzioak, Godzilla (Gareth Edwards, 2014) edo Ghost in the Shell (Rupert Sanders, 2017) film txiki eta pertsonalagoekin tartekatu ditu. Aipatzekoa da 2012an aurtengo bigarren Donostia saria izango den David Cronenbergekin Cosmopoli filmatu zuela edo Goya sarietarako izendapen bat lortu zuela Isabel Coixeten Nadie quiere la noche filmari esker. 

Donostian bere lanek txalo oso erantzun ona izan dute. Bere lan gehienak Perlak sailean izan diren arren. 2018an, aktorea Donostian izan zen Sail Ofizialean lehiatu ziren bi film aurkeztera: Vision, Naomi Kawaseren ikuspegi mistiko bat, eta High Life, Claire Denisekin egin zuen beste kolaborazio bat. Zientzia-fikzioko film honek Fipresci saria lortu zuen. 

Laburbilduz, Juliette Binoche Europako zinemaren izar handietako bat da. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak