Anne Igartiburu izan da aurtengo lehen Donostia sariko galaren aurkezlea. Lehen gala horretan, Marion Cotillarden ibilbide oparoa eta bere lan entzutetsuenak aipatzeaz gain, azken aldian ekoizle lanetan egindako bidea ere aipatu gura izan dute. Cotillard txalo artean igo da Kursaaleko oholtzara, eta egun osoan erakutsi duen esker ona eta urduritasuna agerian laga ditu bertan.
Bi lagun oholtzan
Aktore frantsesak Penelope Cruzen eskutik jaso du saria. "Ez nuen espero, izugarri maite dut emakume hau", adierazi du Cotillardek Penelope Cruzek ezustean emandako Donostia Saria jasotzean. Hain zuzen ere, Cruzek 2018an zinema frantziarraren César d'honneur saria jaso zuenean, Cotillard izan zen saria eman ziona, Pedro Almodóvar zinemagilearekin batera. Cruzek adierazi zuen Cotillardek izugarri markatu zuela La vie en rose filmean ikusi zuenean.
Bien arteko harreman ona erakusten duen bi besarkadaren ostean, Cortillardek esker oneko hitzak izan ditu Zinemaldiarentzat. "Eskerrik asko Donostia Zinemaldiari nire ibilbide zinematografikoaren aro berri honetan laguntzeagatik", adierazi du Cotillardek, eta “etorkizun argitsuago bat lortzeko lan egiten duten gizakien kemena” txalotu du.
Donostia saria eskertzeaz gain, bihar Zinemaldian aurkeztuko duen Bigger Than Us dokumentalari buruz ere mintzatu da aktorea. Filmaren esentziaz baliaturik, gizakiak sutsitzeko eta ostera eraikitzeko duen gaitasunaz ere hausnartu du.
Biziki emozionatuta eta Penelope Cruz alboan zuela, Cotillardek irripartsu agur esan dio Kursaalari.