Urrezko maskorra eta palmares erdia, Georgiara

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Gallego 2020ko ira. 26a, 22:01
Sarituen talde argazkia.

68. Donostia Zinemaldiak ezin izan du amaiera bereziagoa izan, Beginning film georgiarrak palmares ofizialeko lau sari lortu baititu. Crock of Gold, Any crybabies around? eta Druk filmaren protagonistak ere saritu ditu epaimahai ofizialak.

Bost pertsona ados jartzea ez da erraza izaten, baina badirudi Beginning filmak erraz lortu duela lan hori. Izan ere, Georgiatik iritsi zen istorioak epaimahaia txunditzea lortu du eta urrezko maskorra lortzeaz gain, zuzendari, gidoi eta emakumezko aktore onenaren sariak ere lortu ditu.

Beginning ez da erraza. Filmak Yanaren gainbehera kontatzen du. Protagonistaren barne-atsekabea handitu egingo da bere nahien zentzua topatzeko borrokatu ahala.

Filma ezin da bereziagoa izan. Ikuslea, protagonistarekin batera, ameskeriaren mugetan galduko da. Egia da bere argazkia oso ederra dela eta muntaiak are bereziagoa egiten duela lan hau. Dea Kulumbegashvili zuzendariak plano irekiak eta luzeak erabili ditu film osoan zehar, baina hala ere Yanaren ezinegona eta barne-atsekabea oso presente dago. Filmean kontatzen dena baino, Beginning pelikulan, askotan isiltasunak hitzek baino gehiago kontatzen dute.

Prentsa aretoan denetik entzun da, batzuek txalo egin duten bitartean, kritika ugari entzun dira. Ikusleek ere denetik esan dute, lehenago aipatu moduan, Beginning ez baita film erraza.

Palmares ofiziala

  • Film onenaren Urrezko Maskorra: Beginning
  • Epaimahaiaren Sari Berezia: Crock of Gold
  • Zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra: Dea Kulumbegashvili (Beginning)
  • Emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra: Ia Sukhitashvili (Beginning)
  • Gizonezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra: Mads Mikkelsen,Thomas Bo Larsen, Magnus Millang eta Lars Ranthe (Druk)
  • Argazki onenaren epaimahaiaren saria: Yuta Tsukinaga (Any crybabies around?)
  • Gidoi onenaren epaimahaiaren saria: Dea Kulumbegashvili eta Rati Oneli (Beginning)

Gainontzeko paraleoak

Palmares ofizialaz gain, beste sari batzuk ere banatu dituzte Kursaalean. Aurten gainera epaimahai askok sariaz gain, aipamen berezia ere eman dute.

  • Publikoaren saria: The father
  • Publikoaren saria (Europa): El agente topo
  • Kutxabank-New Directors saria:La última primavera
    • Aipamen berezia: Slow singing
  • Horizontes latinos saria: Sin señas particulares
    • Aipamen berezia: Las mil y una
  • Zabaltegi-Tabakalera saria: A metamorfose dos pássaros
    • Aipamen berezia: The woman who run
  • Irizar saria: Ane
    • Aipamen berezia: Non dago Mikel?

Euskal zinemaren Irizar saria David Perez Sañudo zuzendariaren lanak eskuratu du. Gogoan izan, film honen parte dela Lorea Ibarra aktorea.

Kazetariok Zinemaldiaren baitan ematen dugun Feroz saria Druk filmak irabazi du.

Zinema Kritikarien Nazioarteko Federazioko kideek (FIPRESCI) Wuhai filma saritzea erabaki du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak