Zinemaldiko zuzendariak euskal zinemak bizi duen momentu ona azpimarratu du. Hemengo produkzioek, gurean ez ezik, nazioartean gero eta oihartzun eta arrakasta gehiago eskuratzen ari baitira. Gainera, aretoak defendatze aldera sortutako EZAE elkartea "eredugarria" dela adierazi du Rebordinosek. Aurten behin baino gehiagotan adierazi duen bezala, zinemak leku "seguruak" direla azpimarratu du.
Film irabazlearen lantaldea ere zoriondu eta dagoeneko "etxekoak" direla aitortu du barre artean.
Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendari Aitziber Atorrasagastik kalitatezko filmak sortzeko "premia" aldarrikatu du eta zailtasunak zailtasun, "istorioak garatzen jarraitzeko" eskatu die hiru zuzendariei.
Hiru zuzendariak pozik
Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga pozik igo dira oholtzara saria jasotzera. Goenagak jakinarazi du horrelako urte korapilatsu batean, honelako sari bat jasotzeak "ilusio handia" egiten diela. Zuzendaria zinema aretoen garrantziaz ere mintzatu da, bere ustez, zine-aretoak baitira "zinemaren esperientziaz % 100ean gozatzeko tokia".
Norabide berean, aipatu du La trinchera infinita filma aretoetan ikusteko sortu zutela. "Plataformek ezin dute zine-aretoen esperientziarekin lehiatu: pelikulez iluntasunean eta baliabide tekniko onenekin gozatzea".
Txalo artean, zinema sozializatzea ere badela aldarrikatu du Goenagak.