Irribarretsu igo da Sara Bilbatua Victoria Eugenia antzokiko oholtzara. Lankide eta lagunek txalo zaparrada luzea eskaini diote. Aizpea Goenagaren eman dio bere ibilbidearen omenez lankideek Zinemaldian banatzen duten Zinemira saria.
Bilbatuak bere ibilbidean alboan izandako elkarte eta lankideez gogoratu da lehenbizi. Ondoren emakume sortzaileei mezu argia bidali die: "beharrezkoa duzue zuen proiektuak zuzendu eta idaztea".
Bere hitzen amaieran etxekoez gogoratu da, eta hauen artean ahizparendako hitz samurrak izan ditu. Galaren amaieran jendeari zinema aretoetara joateko gonbita egin die.
Lan ibilbide oparoa
Azken 25 urteotan, Sara Bilbatua ikus-entzunezko 75 ekoizpenetan baino gehiagotan izan da casting arduradun. 1994an ekin zion casting zuzendari izateari Justino, un asesino de la tercera edad filmari esker. Lan horren ostean, besteak beste, Pedro Almodovar, Isabel Coixet edo Guillermo Del Toro bezalako zuzendari ospetsuekin egin du lan, eta egun, Estatuko casting arduradun ezagunenetako bat da.