Urrezko Maskorra lortzeko lehia atzo amaituta, kazetari, kritikari eta orokorrean epaimahai ofiziala ez den orok, gozatzeko eguna izan da gaurkoa. Sail Ofizialean, lehiaketatik kanpo, Daniel Sanchez Arevalok Diecisiete aurkeztu du. Espainiarrak gizateria sinisten jarraitzeko moduko komedia sentimental batekin etorri da Donostiara. Diecisiete bi anaien arteko tirabirak kontatzen dituen filma da. Askok komedia arin gisa hartu badute ere, lana uste baino sakonagoa da.
Gure zinemari dagokionez, ikusleek izan duten aukera ez da makala izan, besteak beste, 70 binladens, Gazta, Soinujolearen semea eta La pequeña suiza pelikulez gozatzeko aukera egon da. Horrez gainera, Erreginaren kopa irabazi zuten Realeko futbol taldearen aste bukaera hasieratik bukaerara kontatzen duen Sua-Irabazi arte dokumentala eskaini dute Belodromoan.
Lehen sariak
Euskal gidoigileen elkarteak Zinemaldiaren baitan banatzen duen saria jakitera eman da. Elkarteak urtero euskal ekoizpenen artean gidoi onena aukeratzen du, eta aurten La trinchera infinita-k jaso du garaikurra. Ziur ez dela Zinemaldiaren baitan pelikula honek jasotzen duen sari bakarra.
Bigarren klasiko goiztiarra Sebastiane saria izan ohi da. Sari honek, Donostia Zinemaldiko edozein sailetan parte hartu eta LGTBI kolektiboaren errealitatea hobekien islatzen duen filmak lortzen du, eta epaimahaiaren ustez, aurten, pelikula hori Monos izan da.