Bigarrenez urrezko maskorraren lehian

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Gallego 2019ko uzt. 19a, 11:43

Donostia Zinemaldiak jakitera eman duenez La trinchera infinita filmak Zinemaldiaren lehiaketa ofizialean parte hartuko du. Aitor Arregi oñatiarrak, Jon Garañok eta Jose Mari Goenagak batera zuzendu duten filmak Espainiako gerra zibilaren ostean, Higinio Blancok eta haren familiak bizitakoak kontatzen ditu; aktore nagusiak Antonio de la Torre eta Belen Cuesta izan dira. Handia filmarekin epaimahaiaren saria lortu eta gero, Moriartik esku artean izan duen proiektua da hau.

2014an Loreak filmak, eta hiru urte geroago Handia lanak izandako estreinaldi bera izango du La trinchera infinita-k, Donostia Zinemaldian izango baita ikusgai lehenengo aldiz. Gainera, aurreko bi filmetan bezala Moriarti–Irusoin bikotea izan da proiektu hau garatu duena, baina oraingo honetan La Claqueta ekoiztetxe andaluziarra ere batu zaie. 

Askoren kinieletan egon arren, La trinchera infinita Donostia Zinemaldiaren lehiaketa ofizialean egongo dela jakin bezain pronto bete dira sare sozialak zorion mezuz. Izan ere, asko dira Handia-k jaialdi honetan izan zuen arrakasta errepika dadin nahi dutenak, nahiz eta oraindik goiz den kinielak egiten hasteko. Edonola ere, Aitor Arregik azaldu digunez zuzendari hirukotea "oso pozik" dago azken emaitzarekin, eta sariaren edo kritikaren errekonozimenduaz haratago, jendeak egindako "lanaz disfrutatzea" baino ez dute nahi. 

Sei eskuren artean

"Hiruron artean lan egiteko era bilatu dugu", azaldu du Aitor Arregik.  Batek materiala hautatzen eta editatzen zuen bitartean, beste batek, atzeko lanak egiten zituen. Zuzendari oñatiarra, aldiz, azken emaitza ontzen aritu da. 

Gerra Zibilaren ondorioz 33 urtez etxean ezkutatuta egon den Higinio Blanco pertsonaiaren istorioa kontatzen du filmak. Hilabete gutxi daramatzate ezkonduta Higiniok eta Rosak Gerra Zibilak eztanda egiten duenean, eta lehenengoaren izaera errepublikanoaren ondorioz, Higinioren bizitza arriskuan dagoela ikusiko dute. Emaztearen laguntzarekin etxean bertan zulo bat egingo dute Higinio ezkutatzeko, baina behin behineko irtenbidea zena 33 urtez luzatuko da. 

Protagonisten arteko maitasuna, eta batez ere, beldurra dira pelikularen ardatzak, Francoren altxamenduaren ostean errepublikanoek etxetik ateratzeko sentitzen zuten beldurra. "Satorren istorioak nazioarteko gudetan ezkutatu ziren pertsonekin dauka lotura", azaldu dute egileek, filmak beldurraren inguruko alegoria egin duela gaineratzeko. 

Filmaketa konplexua

Euskal Herrian eta Andaluzian errodatu dute filma, gazteleraz, eta aktore nagusiak Antonio de la Torre eta Belen Cuesta izan dira. Horrelako lan batek berezkoak dituen arazo logistikoez gain, bikote protagonistaren arteko harremana ahalik eta errealena izan zedin, zuzendariek istorioaren kronologia errespetatu gura izan dute. 

Hau guztia gutxi balitz, Antonio de la Torrek, gidoiak hala eskatuta, aldaketa fisiko handia izan du. Batetik, hamabost kilo gizendu behar izan zituen eta urteen igaroa erakusteko silikonazko protesi bat ere eroan behar izan du errodajean. Aktore andaluziarrak, beti egin izan duen bezala, bere lana oso serio hartu zuen: "Hamabi kilo gizentzeko eskatu genion eta nonbaiten hamabost izan behar zirela jakin ostean, burugogor jarri eta hamabostak gizendu zituen", kontatu du Goenagak. 

Zinemaldiaren ostean urriaren 31n estreinatuko dute La trinchera infinita Euskal Herriko zinema areto komertzialetan.

Lehiaketa ofizialeko beste filmak

Gauzak horrela, La trinchera infinita ez da gaurkoan Donostia Zinemaldiak lehiaketa ofizialerako aurkeztu duen film bakarra, Leintz Gatzagan jaiotako Karra Elejalde protagonista den, Mientras dure la guerra eta La hija de un ladron filmeek ere lehiaketa berean parte hartuko dute. Horiek izango dira, hain justu ere, lehiaketa nagusian lehian jardungo duten Estatuko filmak. 

'Mientras dure la guerra' filmeko zuzendari eta aktoreak, horien artean Karra Elejalde (Irudia: Donostiako Zinemaldia)

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak