Momentu horretan, idazteari, egiteari utzi, eta taldean hausnartu, eztabaidatu eta adosteko tartea hartzen da. Arizmendi Ikastolan ere antzeko geldialdia egiten ari gara gure hezkuntza-komunitatearekin: arkatzak erdira ekarri ditugu, euskalduntasunaz pentsatzen dugunaren eta egin nahiko genukeenaren inguruan hausnartzeko.
Diagnostiko sakona eginez hainbat alderdi aztertu ditugu: hiztun-profila, hizkuntza-gaitasuna, familia-transmisioa, erabilera-ohiturak, lehen hitza euskaraz egiteko joera, kultur kontsumoa eta euskararekiko jarrerak. Ispilu horrek argi utzi digu hizkuntzaz haragoko alderdiak landu behar ditugula euskaldun gisa garatzeko. Eta hori da, hain zuzen ere, Hizkuntza Proiektutik Euskalduntasunaren Proiekturako jauzia ematearen arrazoi nagusia.
Arizmendi Ikastolako Euskalduntasunaren Proiektua gure pertsona-ereduaren euskalduna bereizgarria garatzeko tresna da: euskal kultura eta nortasuna modu inklusiboan biziberritzeko hautu kontzientea egiten duten pertsonak heztea. Euskara ardatz hartuta, beste herri-proiektuekiko elkartasuna bizi duten hiztun eleaniztunak garatu nahi ditugu.
Erronka horiek guztiek irakasleon rola birpentsatzea dakarte, ezinbestean. Euskaraz irakasten dugun profesional izatetik, euskaldun aktiboak garatzen laguntzen duten erreferente eta bidelagun izatera pasa beharra daukagu, bai ala bai. Eta eginkizun horrek etxeetan ere jarraipena izan beharra dauka. Horregatik, Familiak Eleaniztasunean egitasmoaren bidez, ikastoletako familia guztiak –euskaldun, bitariko zein erdal hiztun– prozesura batu nahi ditugu, guztion artean euskalduntasun inklusiboa eraikitzen joateko.
Eta prozesu horren erdigunean ikasleak daude, noski, eta subjektu aktibo izatea nahi dugu, euskararen sustapenean eta herriko kulturgintzan protagonista izan daitezen, euren herrietan ere bizi-esperientzia esanguratsuak izan ditzaten.
Eta horregatik, herrietako eragileokin ere ibilbide horiek guztiak irudikatzeko tarteak behar ditugu. Jar ditzagun arkatzak erdian!