Konplexuegia, gidaritza administrazio autonomiko baten esku bakarrik uzteko. Horregatik ere behar dugu Ikastola eredu kooperatiboa herrietan. Eta hori ere izan zen duela 20 urte Haur Hezkuntzan Ikastola eskaintzarik ez zeukan Aretxabaletan Arizmendi Ikastolaren Basabeazpi gunea zabaltzearen arrazoia. Aretxabaletari ekarpen handia egin dion erabakia, ekarpen handia egin dion gunea.
Euskaran eta Euskal Kulturan ardazturiko Euskal curriculuma oinarri, haurra erdigunean kokatu duen hezkuntza eredua garatu du Basabeazpik. Norberarengan, besteengan eta inguruan konfiantza izateak duen garrantziaz jabeturik, Konfiantzaren Pedagogiaren eraikuntzan ezinbesteko partaide izan da. Haurraren erritmora egokitutako familiarizazioan, espazio irekietan, zirkulazio librean, adinen arteko interkomunikazioan eta proiektuetan oinarritutako ikaskuntzan aitzindari. Herriak eraikiko dituzten pertsona kooperatibo euskaldunak garatzen lagundu du, eraldaketa pedagogikoan, arkitektonikoan, pertsonalean eta sozialean eragile aktibo izanez.
Ikastolaren baitan, familia eta kolaboratzaileekin komunitate autoeratua osatuz, gobernantza eredu jakin bat herriari eskainiz. Gunetik Aretxabaleta zipriztinduz eta Aretxabaletatik Euskal Herri osoko Ikastolekin elkartasun mekanismoak eraikiz, mundura zabalik, herri txiki eta hizkuntza gutxituen errealitatea ekarriz eta landuz.
Erronka berriak eskaintzen dizkigu orainak, eskainiko dizkigu etorkizunak. Euskal hezkuntza sistemaren bidean, Aretxabaletan, herri ikuspegiz, elkarlanean eta eskuzabaltasunez jardun beharra dago. Eskerrik asko alea jarri duzuen familia, ikasle, profesional eta kolaboratzaileei. Zorionak eta bidaia on, Basabeazpi; segi Atxabaltatik danondako herrixa eitten!