Ritaren alboan, irribarrez, gu agurtuz. Gero, nerabezaroko gure sekretu guztien jakitun den eserlekuaren paretik sumatzen genuen irribarre hori, lagunekin elkartetik zentozela. Aneren eta Jonen aita zinen guretzat.
Ez ginen jabetzen joan-etorri haien artean egiten zenuen lanarekin. Ezagutu izan ditugun hainbat erakunde beti hor egon izan diren sentsazioa izaten dugu askotan, gure aurreko belaunaldietakoek haien sorreran egindako lan eskergaz ohartu gabe.
Urteen joanean Venezuelan Lanbide Heziketako ikastetxeen sorrera bultzatzen egon zinela jakin dugu. Eskola Politeknikoan, Irakasle Eskolan, Almenen, Hezibiden edo Gizabidea Fundazioan eta gure bailaratik haratago ikastolen mugimenduan eta HETELen sorreran egin zenuen lanarekin ere jabetu gara.
Eragileen eta pertsonen arteko elkarlana oinarri, hezkuntza kooperatiboak gure bailaran eman dituen hainbat erakundetan gidari eta eragile izan zara, hezkuntza herri bateko lehen enpresa dela sinistu duzulako.
Arizmendi Ikastolaren sorreran ezinbesteko pertsona izan zinela ere badakigu. Familiek, profesionalek eta kolaboratzaileek bat eginda, herri erakundeen laguntzarekin, bailarari hezkuntza eredu jakin bat, ikastola eredua, eskaintzeko.
Ikastolako Batzar Nagusian alboan sentitu zaitugu. Bertan, identitate propiodun proiektu sendoa ikusten duzula esanaz. Bailaran errotutako ikastola kooperatiboa, zuk ereindako hazitik loratua zazpi herrialdeetako 113 ikastolekin batera osaturiko basoan. Guretzat ere hezkuntza herri bateko lehen enpresa delako.
Uztailean, 20. ikasturtearen azken hatsetan, hartu zenuen azken arnasa. Eta orain bai, orain zure ekarpenaren tamainaz jabetzen gara. Orain guretzat Felix zara. Besarkada bat, Ane eta Jon.