EAErako aurreko Hezkuntza Legea 1993an onartu zen, inguruko estatuen hezkuntza legeen logika jarraituz; horren arabera, batetik, administrazioaren menpeko eskolak daude eta doako irakaskuntza jasotzeko oinarrizko eskubide unibertsala bermatzen dute: eskola publikoak. Bestetik, irakaskuntza pribatua eta pribatu itundua daude eta esku pribatuetan daude; Elizarenean, kasu askotan.
Euskal Herrian, ordea, eredu horrekiko anomalia bat gertatzen da: herriaren ekimenetik eta autogestioan oinarrituta hezkuntza euskalduna eskaintzen duten eskola kooperatiboak, ikastolak. Legeak publiko-pribatu logikan sartzera behartzen ditu, baina eredu horrek ez dio ez batari ez besteari erantzuten.
Ikastolok logika horren ondorioak pairatu izan ditugu; administrazioaren menpeko ez garenez eta izan nahi ez dugunez, ez zaigu doakotasunerako estatusa aitortu izan. Eta gure jardunak eragindako gastuak estali ahal izateko, familien ekarpen ekonomikoak behar izan ditugu; hori, era berean, egoera zaurgarrian dauden familientzako oztopo bihurtu da, eta, ondorioz, legeak berak bultzatutako bi sareen artean segregazioa eragin du.
Arizmendi Ikastolan egoera hori amaitu nahi dugu, badakigulako ez duela gizarte-kohesioa ahalbidetzen. Guztiontzako lekua eskaintzen duen publikotasun eredu berri batetik egin dezagun. Europan badaude horren adibideak.
Herri txiki eta minorizatu honek Euskal Hezkuntza Sistema propioa eraikitzeko erronka hartu du esku artean. Erronka funtsezko eta konplexua. Egin dezagun elkarrekin, bakoitzak beretik onena emanez.