Bilbotik eta Baionatik Elmako etorbidera, etorri bidera!

Erabiltzailearen aurpegia Illart Azkarate Iturbe 2020ko abe. 18a, 00:00

Azken urteetan, Bilbon eta Baionan antolatu den mobilizazioa bereziki garrantzitsua izan da; bertan, 100.000 herritar inguru batu izan gara presoen eta iheslarien auziari aterabidea ematea aldarrikatu eta elkarbizitzaren eta bakearen alde urratsak egiteko.

Aurtengo ezohiko egoera dela eta, urtarrilaren 9an ezingo gara Bilbon eta Baionan elkartu. Horren ordez, bertan urtez urte batu garenok gure herri eta auzoetan elkartuko gara.

Urte garrantzitsu baten aurrean gaudela uste dugu. Salbuespen legediaren amaieraren aldeko gehiengo politiko, sindikal, instituzional eta sozialari, espetxe politikan Espainian zein Frantzian ematen diren aldaketak gehitu zaizkio. Oraindik aurretik bide luzea izan arren, egindako urratsak aintzat hartuta, Euskal Herritik bide horri bultzada ematea ezinbestekoa dela uste dugu. Hori horrela, benetan garrantzitsua deritzogu urtarrilaren 9an Arrasatetik Bilbora joan izan garen guztiok, eta gehiago, Arrasaten elkartzeari.

Arrasaten, arratsaldeko bostetan bi zutabe irtengo dira: bat, Zigarrolako San Isidrotik; eta bestea, Arimazubitik. Bi zutabeak Gipuzkoa etorbidean elkartuko dira, eta 17:30ean bertan entzungo dugu Euskal Herri osoan batera irakurriko den idatzia.

Horrez gain, mobilizazio hauetan jaso izan dugun laguntza ekonomikoa ezinbestekoa izan da dispertsioak sortzen dituen gastuei aurre egiteko. Arrasaten autobus txartel sinboliko batzuk aterako ditugu, 5 eurotan, herritarron elkartasun ekonomikoa jasotzeko. Ea zenbat autobus betetzeko gai garen!

Salbuespen legedia amaitzeko, presoen etxeratzean urratsak egiteko, urtarrilaren 9an etorri bidera, Elmako etorbidera.

----------

Illart Azkarate Iturbe eta Garazi Azkarate Arrizabalaga

Arrasateko Sare

Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak