'Resolution', etxean!

Erabiltzailearen aurpegia Illart Azkarate Iturbe 2020ko urr. 17a, 00:00

Badira hilabete batzuk Izan Bidea ekimena martxan jarri genuela. Arrasaten bertan ere ekimen ugari antolatu ditugu, atxikimendu ugari jasoz.

Presoen eta iheslarien etxeratzearen, elkarbizitzaren eta bakearen alde pausoak eman ditugun arrasatearrak asko gara, bidea egiten ari garen arrasatearrak asko gara.

Norabide berean urratsak egiten jarraitzeko asmoa dugu. Bidea egiten jarraitzekoa. Eta horretarako, aurrera begira jartzen gara. Aurrera begira, aurrera egin nahi dugulako. Urriaren 24ari begira.

Egun horretan, Donostian elkartuko gara milaka herritar bilduko dituen manifestazio eta mosaiko erraldoian. Bertan mundu osoari zuzenduko gatzaizkio, mundu osoak jakin dezan oraindik hemen ehunka preso etxetik ehunka kilometrora daudela; oraindik ere presoen gehiengoa lehen graduan edo zigor graduan dagoela; oraindik ere emakume presoek bakartuta jarraitzen dutela; ehun haur motxiladun inguru daudela; larri gaixo dauden presoak heriotzara arte espetxean mantentzen dituztela… Finean, oraindik orain, hau guztia ahalbidetzen duen salbuespenezko espetxe politika indarrean dela. Oraindik ere, Iosu Arkauz eta Unai Parot arrasatearrak espetxean mantentzen dituen espetxe politika indarrean dutela.

Horregatik, Resolution! Etxean! lelopean, unea dela, gehiengoak aldaketa nahi dugula, egoera hau ezin dela betikotu eta elkarbizitzaren baitan aurrera egin ahal izateko, salbuespenezko espetxe politika bertan behera utzi eta presoen eta iheslarien etxeratzearen prozesua abian jartzea ezinbestekoa dela aldarrikatuko dugu.

Donostiara joateko autobusa antolatu dugu Arrasatetik. 15:30ean, Garibaitik. Autobusean joateko izen ematea Irati tabernan egin dezakezue.

Bidea ibiliz egiten dela badakigu, eta gu aurrera urratsak egiteko prest gaude. Segi dezagun bidea egiten, bidea izan gaitezen. Urriaren 24an etorri gurekin Donostiara!

----------

Illart Azkarate Iturbe

Arrasateko Sareren izenean

Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak