Elia, itzultzaile neuronala eta GTranslate-rekin egin dut nik proba, eta denek eman dute emaitza hobea. Nabaria da itzulpena egin dela; hau da, espainolez idatzi eta euskarara pasatu dela, ondoren; eta enegarren aldiz, gainera, gaizki egin da.
Eta itzulpenei buruz pentsatzen nengoela etorri zait gogora nola itzuli behar izaten diren sarritan euskarazko mezuak Whatsapp edo Telegram taldeetan, norbaitek euskara ulertzen ez duelako, eta topo egin dut nola Telegram aplikazioak bere barne duen mezuak zurea ez den hizkuntza batetik zure hizkuntzara automatikoki itzultzeko aukera. Hau da, ahalbidetzen duela taldeko hizkuntza orokorra euskara izatea, eta ulertzen ez duenari aukera ematen diola aplikazioan bertan testu horren itzulpena irakurtzeko. Bada, aukera bikaina iruditu zait talde eleanitzetan erabiltzeko.