Hogei urteko ikerketa baten emaitza da aurkeztu zen liburua, Gipuzkoa osoko dantzakerak aztertu eta tokian tokiko moduak dokumentatu eta biltzen dituena. Liburuan presente dago Antzuolako dantzakera ere, pisu handiz gainera, eta ez mantendu diren koreografiengatik, baizik eta dantzakerarengatik.
Harritzekoa da, ezbairik gabe, zenbat eratara dantzatu daitekeen musika berarekin pauso berdina, eta sarri jatorri bera dutenik ere ezin imajina. Baina dantza gorputzaren hizkuntza den heinean, eta hizkerak batetik bestera aldatzen diren gisara, berdin dantzakerak ere.
Gurean jazo dira aldaketak, baina badira gaurdaino gorde diren Gipuzkoako molde zaharrekoak diren pausoak, eta dantzan ere, hizketan bezala, esan dezakegu: "Hau Antzuolako erara".