Jende gutxi dagoenean, posible da gurdiko gauza batzuk kendu beharra, edo gurdia bere horretan bide erdian uztea. Lantzean komeni izango da gurpilak konpontzea eta moldatzea, bideak higatuko baititu, eta jendea bezain garrantzitsuak dira gurpilak gurdiak aurrera egin dezan.
Denboraren poderioz, aldatuz joango da, egoeren arabera gurdian gauzak faltako dira eta berriak etorriko, gurpilen ertzak eta formak aldatuko, eta nola ez, jendea bera ere aldatuko da.
Jende berriak ere egingo du tira denak aurrera jarrai dezan, gurpilari bere estiloa emanez, eta gurdiko edukia aldatuz. Orain, berriz, irudika dezagun aipaturiko gurdia gure tradizioa dela, gurpilak transmisioa, bidea denbora eta tiraka ari dena herria dela.