Penaz eta harriduraz ikusi ere, parez pare izan eta ia ezagutu ez dudan leku ezagun batean egonik. Antzuolan, futbol zelai inguruan. Garai bateko merenderotik, Lekuberritik, gertu, edo hobeto esanda, bertan. Larre berde eta zuhaitz ederrez osaturiko paisaia, jostailuzkoa bailitzan zuritu dute. Kolorez gorritu. Bertoko ekosistemaren etorkizuna belztu. Belardietatik errekara bide eginda, panorama ez da hobea. Irain aldean aspaldion ibili ez denarentzat, errekari bidea aldatu diote, beste leku batzuetan kendutako lurra bertan pilatzeko. Ondorioz, inguruko hainbat iturri, lehor. 1941tik emankor zen iturria antzu, ur emari bat gutxiago.
Antzuolako inguru guztira begiratua bota eta berde ikusten zen hura, zubi eta tunelez josi digute. Garapenaren izenean egiten ditugun sarraskietako bat bilakatu, eta badirudi ondorioek ez digutela batere axola.
Arra sagarrean edota pipia egurrean lez, gainazalak bete eta barrenak jan. Bitartean gu, begira. Gezurra, begiratu ere ez diogu egiten, errudun ez sentitzeko edo. Oraingo zulatzeak baino zentzu handiagoz ikusten dut: Antzuolatik Oñatira zuzenean tunela iñ ezkero, egubakoitzetan poteatzea juteko moduan izengo giñuztan!