Gure politika egiteko modua ez da sekula magian oinarritu. Garbi esan genuen hondakin gutxiago sortuz gero eta sortutakoak berrerabiliz, birziklatuz eta modu egokian tratatuz gero erraustegirik ez genuela beharko, eta haren ordez tratamendurako plantak eta, azkenik, biltegiak erabiliko genituela. Hor ez zegoen magiarik.
Gogoan dut nola saldu ziguten Zubietan neurketak modu jarraian egingo zituztela eta isurien mugak gaindituz gero erraustegia ordu erdian geratu ahal izango zutela. Nola liteke orain datuak jakiteko gutxienez bost egun behar izatea? Magia? Ez, gezurra.
Gogoan dut nola saldu ziguten Gipuzkoan erraustegia eraikita zabortegirik ez genuela beharko.
Nola liteke, orduan, Bizkaian 2005ean erraustegia martxan jarri zuten arren, 2020an gutxienez 11 zabortegi –11, literalki– zabalik egotea? Magia? Ez, hau ere gezurra.
Horietako bat zen, hain zuzen, Zaldibarkoa. EAJk 2000. urtean legea aldatu zuen, Verter bezalako enpresei egin beharreko kontrolak Jaurlaritzak egin ordez enpresek euren kaxa egin zitzaten. Eta orain, EAJren lurraldean eta EAJren kudeaketa eredua jarraituz zaborra burutik behera erori zaienean, gure zinegotziari EH Bilduren kudeaketa datorkio burura. Izan ere, magorik onenen moduan arreta desbideratzen iaioak dira, zabor pilak itota eta aire kutsatua arnasten egonda ere, oasian gaudela saldu nahi digute. Horra EAJren magia.
----------
Ibai Larrañaga
Elgetako EH Bildu
Elgeta