Eskuinak ezetz esango dizu

Erabiltzailearen aurpegia Iker Oñate Aiastui 2026ko ekainaren 29a

Zer den biziduna edo pertsona; diruduna edo aberatsa; indibiduala edo kolektiboa; eskuina edo ezkerra…

Sarri egin ditut halako hausnarketak. Neure buruarekin lasaiago egoten laguntzen didate. Alegia, kontraesanak izan, baditut –ezkerrekoa izanda, gehiago, ezta? Behintzat, hala diote eskuinekoek–, baina ulertzen ahalegintzen naiz, oinarrira joaten, aldatzen, eta, ezin bada, ahal dudan neurrian, onartzen.

Badago, hausnartu arren, ulertzen ez ditudan zenbait gauza. Nola da posible pertsona batek bestearen gainetik dagoela pentsatzea? Eta, berak ez duen autoritate moralaren izenean –duenak, ez du esango–, albokoari zerbait egiten ez uztea? Eta existitzen ez den neutraltasuna argudiatuta, berba egiteko, aldarrikatzeko… eskubide unibertsala ukatzea? Zeren, egiten ez uztea ez al da neutrala ez izatea? Ulertzen ez ditudan gauza asko daude, bai. Horiek, eta esan ez ditudanak.

Hausnarketok badute azaleko ondorio bat. Hori guztia egiten duenak ez du gauzak ulertzea bilatzen, ezta koherente izatea. Bere bidea egin nahi du, eta listo. Nahi du, bizi den bitartean, ondo bizi dela pentsatzea, bere burua pertsona garrantzitsu moduan saltzea, ingurukoak kontrolatzen saiatzea, sistema kapitalistari –eta, beraz, indibidualistari– jaten ematea… Sistema bat, zeinak justifikatzen duen norbera ondo bizitzeko norbaitek duela gaizki bizi beharra, zeinak etengabe gogorarazten duen mundua nork kontrolatzen duen, zeinak lan egiten duen herritarrek aldaketarako esperantza gal dezaten –ez bozkatzea, ez al da, neurri batean, aldaketarako aukeraren aurrean amore ematea?–... 

Hori egin bitartean, argia da estrategia: zure ezkerrekoa bazara– kontraesanen bozgorailu izatea, bera, bere horretan, kontraesan bat dela ezkutatzeko. Are: bilatzen du zu ondokoarekin mokoka aritzea, berak, bere etsaiekin batera, bidea egiten jarraitu ahal izateko. Arraroa da, bai; baina hori guztia egiten du eskuinak, berak ezetz esango dizun arren.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak