Trans errealitatea, biologiatik harago

Erabiltzailearen aurpegia Iker Badiola Etxaburu

Biologoa naizen heinean, arraren eta emearen arteko bereizketak irakatsi zizkidaten, eta horrela egin izan dut nik ere.

Bizitzak aurrera jarrai dezan sortutako estrategia izan da bi sexuren bitartez sortzen den ernalketa. Baina bizia moduan ezagutzen duen horrek bizitzaren gorabeherekin talka egiten  du batzuetan, eta horren adibide garbia da trans errealitateen kasua.

Jakintza akademikoak badu, batzuetan, ertzetan gelditzen dena albo batera uzteko joera, baina beti agertzen dira ezohikoa ikertzeko prest dauden zientzialariak. Adibide batzuk jartzearren, Dick Swaab eta Milton Diamond zientzialariek egindako lanek transgeneroa ikuspegi biologikotik eta neurologikotik ulertzen lagundu digute. Baina ikerketa horiek balio izugarria duten arren, trans errealitateak aldarrikatzeko eta ebidentziekin haien eskubideak defendatzeko, gizarteak laborategietatik haratago ebatzi beharreko eztabaida bat da esku artean dugun hau. Desberdin pentsatu edo sentitzen duenaren aurrean, badago giza sentimendu bat beste pertsona horrengandik urruntzera eramaten gaituena; eta, gizaki moduan, pultsio horri aurre eginez uxatzen dira gure beldur eta jokamolde irrazionalak. Orain dela 2.300 urte, Zenon filosofo greziarrak esan zuen bi belarri ditugunez eta aho bakar bat, hitz egiten dugunaren bikoitza entzun behar dugula. 

Entzute aktiboa da fanatismo, beldur eta intrantsigentzia guztien aurkako botikarik onena. Pertsona transgeneroak entzun behar ditugu, eta ahotsa eman, gizartearen parte diren heinean, horrek lagunduko digulako jendarte osasuntsua eraikitzen. Lerro hauek idazten ditudan bitartean, historian zehar bizi izan diren pertsona transgeneroak datozkit burura.Zenbat pertsona erre diren, sorginkeriaren izenean, desberdinak izateagatik. Beldurrak eta ezjakintasunak bultzatuta, zenbat sorgin isilarazi diren historian  zehar. Gaur egungo gizarteari dagokigu ozen esatea erre  ziren sorgin haien erratzak dauzkagula eta ez dela berriro surik piztuko inor baztertzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak