Bejondeizula, Andoni

Erabiltzailearen aurpegia Iker Badiola Etxaburu

Abuztuaren 16a. San Roke Egunez oporretan ginen familian. 

Guztion artean afaria prestatu eta mahaia jartzeko lanean genbiltzala, gaueko bederatzi eta erdiak aldera, egiten ari ginena utzi eta telebista aurrean jarri ginen bostok. Ingalaterrako Birmingham hirian Europako Atletismo Txapelketa jokatzen ari ziren, eta 4x100 metro mistoko errelebo probako finala abiaraztear zegoen. Tartean, bergarar bar, Andoni Calbano. 2025. urtean aire zabalean Espainiako txapeldun 200 metroko proban eta hainbat aldiz Euskadiko txapeldun abiadura-probetan. 

Etxean gustuko dugu atletismoa, eta herritar bat maila horretan ikusteak asko pozten gaitu; jarraipen berezia egiten diogu Andoniri. Espainiako Txapelketan hirugarren egitetik zetorren, eta gure artean zalantzak genituen nola helduko ote zen urteko hitzordu nagusira. 

Guillem Crespi kataluniarra izan zen lehenengo posta, eta, hark Maribel Perezeri erreleboa eman ondoren, Andoniren txanda iritsi zen. Bergararrak hirugarren postuan hartu zuen erreleboa, eta, suitzarren erasoari ondo eutsiz, modu bertsuan eman zion Jael Bestue bartzelonarrari. Jael hirugarren postuan helmugaratzen zen bitartean, Andoni atzean ageri zen saltoka eta brinkoka, bere bizitzako lorpen handienaren aurrean. Bai jauna! Europako atletismo txapelketa absolutu batean brontzezko domina bat. Olinpiar Jokoak eta Munduko Txapelketa albo batera utzita, atleta batek lor dezakeen lorpenik handiena. 

Berria azkar asko zabaldu zen sare sozial, irrati, telebista eta egunkarietan. Horrela joan gara Andoniren ibilbidea ezagutzen. Arrakasta lortzen denean asko izaten dira elkarrizketa eta aintzatespenak. Atletismoan aurrera egiteko egin behar izan duen lan eta sakrifizioak; bidaia amaigabeak, zerbitzari egindako lanak, eta abar, eta abar. 

Eta, nola ez, herri mailan egindako aitortzak. Aitortza, kirol gutxitu baten egindako lanagatik; hori delako atletismoa Gipuzkoan federatu kopuruari erreparatzen badiogu. Aitortza, besteak beste, adibide bat delako gazte eta helduentzat, baina honetan guztian badago kontu bitxi bat. Herriko semea den atletari errekonozimendua, herrian zegoen atletismo pista bakarra kendu ondoren. Andonik praktikatzen duen kirol horren arrastoak guztiz ezabatu direnean. Aurrez aipatu dudan moduan, atletismoa kirol gutxitu bat da, baina, kirol gutxituen espazioak irensten bagoaz, azkenean kolore bakarreko mundu aspergarri eta monotonoa baino ez dugu izango, eta zaila izango da etorkizunean Andoni gehiago izatea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak