Norbaitek pentsa dezake komatxoen artean jarri dudan esaldi hori egun hauetan nire inguruan entzun dudala. Horrela uste duenari ezusteko bat emango diodalakoan nago; Sokratesen aipua da. Kristo aurreko V. mendean bizi izan zen filosofo greziarrak gaur egun jende askok pentsatzen duen moduan pentsatzen zuela dirudi.
Badago nolabaiteko joera bat bakoitza bizi izan den garaia goraipatzeko eta atzetik datozenen bizimodua eta jokamoldeak gutxiesteko. Kontu horrekin lotuta, argitaratu berri den azkenengo PISA txostena nahiko nuke aipatu. Euskal Autonomia Elkarteko gazteek inoizko emaitza txarrenak atera dituzte Matematikan, Zientzian eta, batez ere, Irakurketan. Hasierako bulkada argia da: "Gaur egungo gazteek hainbeste gailu elektroniko erabiltzen dituzte, ez dute ganorazko ezer irakurtzen". Arazoa gehiago sinplifikatzen badugu, errua gazteena dela esan genezake, haiek egiten dutelako hautua.
Nire uste apalean, gaur egungo gazteak eta orain dela 50 urtekoak ez dira desberdinak. Denborak aldatu dira. Teknologia garatzen joan da eta bat-batean guztiok dugu ordenagailu bat gure patriketan, eta nerabezaro betean dagoen gazte batek ez dauka erraz hori kudeatzeko. Azken urteotan inoizko jauzirik nabarmenena bizi izan dugu gailu elektronikoen garapenean, eta adimen artifizialarekin datorrena ez da makala izango.
Nire aburuz, orain dela 50 urte jaio ziren gizon-emakumeei gaurko errealitatea bizitzea egokitu izan balitzaie, emaitza eta jarrera berak izango zituzten. Uste da azkenengo 100.000 urteetan giza burmuinak ez duela aldaketa handirik izan; hortaz, pertsonak ez gara aldatzen, denborak aldatzen dira, eta gizakion jarrera garaietara moldatzen da. Bizitzea egokitu zaigun garaiaren seme-alabak gara. Inguruak egokitzen ditu gure jarduna eta jarrerak. Orain dela 50 urteko gazteek, gaur egun, arazo berak izango lituzkete gailu teknologikoekin, eta berdin erantzungo lituzkete PISA azterketaren galderak. Hortaz, nik uste dut gu eta haiek dinamika albo batera utzi eta aurrean ditugun erronkei guztiok batera aurre egin behar diegula, aurreiritzirik gabe. Hala eta ere, ziur nago guk kritikatzen ditugun gazteek Sokratesek egiten zuen moduan kritikatuko dituztela ondoren etorriko diren belaunaldiak.