Aukera berdintasuna

Erabiltzailearen aurpegia Iker Badiola Etxaburu

Unibertsitatera Sartzeko Probak, USaP edo selektibitate izenez ezaguna denak, urtero ematen du zeresana, baina oraingo honetan, Euskara eta Literatura ikasgaiaren zuzenketak bazterrak harrotu ditu.

Bakarren batek albistea ez badu ikusi edo entzun, labur-labur kontatuko dut. Epaimahai jakin bat egokitu zitzaien ikasle gehienek ez zuten azterketa gainditu eta, gainera, ohikoa ez den zero kopuru oso handia pilatu zen. Egoera haren aurrean, beren aburuz ez zegokien nota jaso zuten ikasleek; nota jakin eta berehala, mobilizazioak hasi zituzten zuzentzaileen eta ardura nagusia zuen Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) aurka. 

USaP azterketen zuzenketak urte luzez protokolo bera jarraitu izan du. Notak argitaratzen dira, eta, ondoren, nahi duenak berrikusketa eskatzeko aukera du. Berrikusketa beste zuzentzaile batek egiten du, eta lehenengo notaren eta bigarrenaren artean bi puntu baino gehiagoko aldea badago hirugarren zuzenketa bat egiten dute beste bi zuzentzailek. Prozesu horren ondoren, ikaslea ez badago ados notarekin, azterketa zuzenduaren kopia bat eska dezake. Nire ustetan, berme guztiak betetzen dituen prozesura da, baina oraingoan, batzuek ez dute nire moduan pentsatu. 

Bigarren zuzenketa egin baino lehen protestak hasi ziren, hainbat komunikabidek hauspotuta. Aldarrikapena argia zen: justizia eta aukera berdintasuna beste ikasle guztiekiko. Kontua gehiago katramilatzeko, kaltetuta sentitu ziren ikasle batzuek justiziara jo zuten, eta epaile batek kautelazko agindua eman zion EHUri; ikasle haien nota Euskara eta Literatura ikasgaia kontuan hartu gabe kalkulatu behar zen guztia ebatsi bitartean. Gainera, ikasle haietako batzuek beren kasua euskaraz azaltzen saiatu ziren euskal komunikabide batean, eta erakutsi zuten maila oso kaskarra izan zen. 

Kontu horren inguruan galdera batzuk sortzen zaizkit: ez al da sistemaren aurkako jarrera prozesu guztia bukatu baino lehen protestan jardutea erakunde publiko baten eraikinaren aurrean? Euskara eta Literatura ikasgaia izan beharrean beste ikasgai bat izan balitz, epaileak jarrera bera hartuko zuen? Azterketak gaizki zuzendu baziren, kaltetuek zergatik ez dituzte argitaratuta beren azterketen kopiak? Aukera berdintasuna edo pribilegioa da ikasle talde baten nota Euskara eta Literatura ikasgaia kontuan hartu gabe kalkulatzea? Galdera horiekin kezkatzen nauten gaiak plazaratu nahi izan baditut ere, guztien artean batek kezkatzen nau beste guztien gainetik: argi gelditu da egun indarrean dagoen sistemak ez duela bermatzen ikasle guztiek euskaraz jarduteko izan beharko luketen gaitasuna.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak