Arduratuta

Erabiltzailearen aurpegia Iker Badiola Etxaburu 2026ko uztailaren 6a

Futbol jokalari ezagun batek eguzki-izpien arriskuaren inguruan esandakoak bazterrak harrotu ditu.

Telebistako saio baten agertu zen kirolari horrek ezbaian jarri zuen eguzki-izpietatik babesten gaituzten eguzki-kremen eraginkortasuna.

Haren aburuz, kirol-jardueran hobetzeko muskulua entrenatu egiten da, eta azala ere modu bertsuan egokitu daiteke eguzkiaren izpi ultramoretara, eta azala ondo entrenatuta balego ez genuke eguzki-kremen beharrik izango. Ez naiz sartuko eztabaida zientifikoan, hor bertan dagoelako gai horren mamia; eztabaida zientifikorik existitzen ez den gai baten horren sentsazioa eragitea. 

Jose Antonio Marina filosofoak esaten du ezin dugula nahastu adierazpen askatasuna eta iritzi guztien baliagarritasuna; eta esaldi horrek bete-betean azaltzen du helarazi nahi dudan ideia. Guztiok dugu errespetuz gure ideiak eta iritziak adierazteko eskubidea, baina nire iritzia fisika kuantikoaren inguruan ezin da parekatu Pedro Miguel Etxenikek izan dezakeenarekin, edo futbol kontu baten inguruan izan dezakedan iritziak ez du pisu bera futbol jokalari horrek izan dezakeanarekin alderatuta. Eta, kasu horretan, zelulen biologiaren inguruan hezkuntzarik ez duen pertsona bati horren inguruan aditu baten pareko maila eman zaio. 

Badirudi komunikabide batzuk eroso sentitzen direla eszena publikoa polemikaz zipriztinduta. Baina hitz horien atzean ez al dago ardurarik? Audientzia handiko ordutegian lau haizeetara zientifikoki okerrak diren mezuak zabaltzeak etorkizunean osasun arazoak sortzen baditu eguzkitik babestuko ez diren herritarrengan, aditua ez den pertsona honen esanak jarraitzeagatik, nork erantzun beharko luke? Kazetariengandik hasi eta gizarteak bere osotasunean seriotasun gehiagoz jokatu behar dugulakoan nago. Zientzia zerbait arrotz eta urrun ikusten dutenei zera esango nieke, zientzia ez dela magia; ulertzen ez duguna eta ezkutuan dagoena ulertzeko saiakera bat da zientzia. Ebidentzietan oinarrituta eta guztion artean sortzen den jakintza baino ez da zientzia, eta gizarte moduan lortutako mugarri batzuk zientziari zor dizkiogu. Horregatik, arlo jakin batean buru-belarri urteetan jardun duen jendea entzun eta konfiantza izan behar dugu haiengan. 

Bukatzeko, Antonio Machadoren esaldi bat ekarri nahi dut; poeta andaluziarrak zera esaten zuen: "Gizabanako bakoitzak benetan dakienaren inguruan bakarrik hitz egingo balu, zenbat denbora izango genuke hausnarketarako eta ikasketarako".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak