Bertan, Antzuolatik hurbil, australiar jatorria duen Acacia generoko mimosa izeneko zuhaitz bat dago. Zuhaitz horiek loratzen direnean oso ikusgarriak dira, eta adarretan landare horixka bereziak agertzen dira. Bide bazterrean bertan dago mimosa, eta asko dira bertatik igarotzean zatitxo bat hartzeko tentazioa izaten dutenak. Adar-zati bat moztu eta etxera eramaten dute batzuek, loreontzi batean ur pixka batekin jarri eta haren presentziarekin etxea apaintzeko. Eta horrela egin zuen kontatzera noan gertakizuneko protagonistetako batek.
Adar-zatia puskatu eta eskuan zeraman etxera bidean. Halako batean, parez zetorren bikote batekin topo egin zuen, eta bietako batek, inolako agurrik esan gabe, zergatik moztu zuen aurpegiratu zion adar-zatia eskuan zeraman pertsonari. Beste honek zerbait erantzun zion, baina ez nuen argi entzun, aurrera egin nuelako, haien eztabaidan sartu gabe.
Konturatu nintzen gauza bakarra izan zen erdaraz zuzendu zitzaiola.
Gertaera haren aurrean, niri atentzioa eman zidan lehen gauza horixe berori izan zen. Antzuola eta Bergara arteko gune hartan, mutil gazte hura nola zuzendu zitzaion gaztelaniaz adarra eskuan zeraman pertsonari. Mutil haren kezka nagusia ingurugiroa eta ondare naturala zen. Nire lehen pultsioa ikusita, badirudi ni ondare kulturalak gehiago kezkatzen nauela. Ez nuke esango kontrajarriak direnik, baina, nolabait, nik bat lehenetsi nuen bestearen aurrean. Mutil hark esaten zuen moduan, naturarekiko eraso hura salagarria izan arren, adar-zati txiki bat apurtzea txikikeria hutsa iruditu zitzaidan gurea den hizkuntza ez erabiltzearekin alderatuz.
Zeinen lehentasunak dira zuzenak? Ez dut uste, kasu honetan, batek besteak baino zilegitasun handiagoa duenik. Iritziak dira, eta hortik gizateriaren berezitasunetako bat. Gizakiok plaza publikoak asmatu ditugu gure iritziak partekatzeko; greziarrek Agora asmatu zuten eta demokrazia modernoek, berriz, parlamentuak. Gure burmuin konplexuak desberdintzen gaitu beste animaliengandik. Espezie bateko animaliek antzera pentsatu eta jarduten duten bitartean, gurean zenbat buru hainbat aburu esan behar.