Ume batek bere amari galdetzen zion ea zergatik gizon-emakume batzuk aurpegiak estaltzen zizkieten kukurutxo antzeko txapelak jantzi eta danborra jotzen ari ziren. Amak esaten zion umeari lasai hartzeko, nagusiago egitean oraindik ere gutxiago ulertuko zuela pertsona haien jarrera.
Tira hartan iseka-puntu bat nabaritu nuen. Egia da tira komikoen xedea bizitza umorez hartzea dela, baina kontu honetan nagusitasun intelektual kutsua nabaritu nuen. Lagun hurkoaren sentimendu, sinismen eta folklorea ulertzea beti da zaila.
Baina sinismen arraro, ulertezin eta, itxura batean, inozoak besteek bakarrik ahal dituzte? Gutariko bakoitzak zintzo aztertuko bagenu azken hilabetean hunkitu gaituzten ekitaldiak eta horien inguruan hausnarketa objektibo bat egin, mundu guztiarentzat ulerkorrak izango lirateke? Ziur nago egunkari horretan azkenaldian goraipatu diren hainbat ekitaldi jende askori ere arrotzak irudituko zaizkiola. Eta norbaitek isekaz hartuko balitu? Zer irudituko litzaiguke? Seguruenetik, irain moduan hartuko genuke. Gizakion sentimenduak barren-barrenetik irteten dira, eta, sarri askotan, arrazoiaren bidez nekez ulertzen dira. Folklorea, horren adibide; arrazoia ardatz zuen Ilustrazioa ere ez zen gai izan folklorea lurperatzeko. Eta, hein handi batean, gizakiok arrazoitik haratago doazen sentimenduak behar ditugu gure bizitzari zentzua emateko eta zoriontsu bizi ahal izateko. Kontua da norbere jarrera irrazionalak logikoak iruditzen zaizkigunean eta besteenak inozokeriak.
Ziur nago niri zirrara berezi bat sortzen dizkidaten gauzak beste pertsona batek ez dituela ulertuko, eta alderantziz. Eta komiki-tira horren egilearen kasuan ere izan dituela sinbolikoak irudituko zaizkion gertakari zirraragarriak beste askorentzat hutsalak direnak.
Nire uste apalean, kontua ez da zeinena den ulergarriagoa edo zentzuzkoagoa neurtzea. Betiere, errespetuz eta mundu guztiaren eskubideak kontuan hartzen badira, tradizioak eta sentimenduak errespetatu beharko genituzkeela uste dut, nahiz eta zailak izan ulertzeko.
Aurreko baten irakurri nuen esaldi batekin bukatuko dut: "Gutxiago epaitu behar dugu eta ulerkorragoak izan behar dugu".