Aski ikasi dut bizitzan eta ez zait gustatzen manikeista izatea, eta beti esan izan dut errealitateak aurpegi asko izaten dituela, baina oraingoan nire iritzia irmoa da: guztiz ados nago Gobernuak egin nahi duen sare sozialen erregulazioarekin.
Balizko debekuak, batez ere, adin txikikoei eragingo die, eta puntu horretan sortu da, batik bat, sare horien jabeen haserrea.
Askatasunaren eta demokraziaren izenean hitz egiten dute euren burua teknoligarkatzat duten dirudun horiek. Zer ote beraientzat demokrazia eta askatasuna? Nahi duenak deitu dezala nahi duen moduan, demokrazia, ongizate estatua edo gizatasuna, baina gizarte batek bere etorkizuna diren ume eta gazteak zaintzea baino arrazoi hoberik ez dut ezagutzen; era berean, gizartearen parte diren haien osasuna zaindu beharra du, bere obligazioa delako.
Askatasunaren atzean saldu nahi digutena menpekotasuna da. Bizitza irreal eta fiktizio baten murgiltzeko arriskua. Debaldeko tresna moduan saltzen digute, baina ez gara konturatzen bizitzan preziatuena dugun altxorra ematen diegula; hain zuzen ere, gure denbora. Jaiotzen garen momentuan bertan urritzen hasten dena.
Irakurle hori, iritzi hau irakurtzen ari zaren momentuan zure denboraren kontagailua martxan doa, eta hori ez da gauza hutsala.
Zertarako ematen diegu gure denbora? Argi eta garbi: haiek patrikak oraindik ere diru gehiagorekin bete ditzaten. Hortaz, zilegi iruditzen zait kalte egin dezakeen edozer erregulatzea. Ez al zaizkie tabakoa eta alkohola debekatzen adin txikikoei? Zergatik ez adikzio-iturri izan daitezkeen beste arlo batzuk ere mugatu? Gizateriak historian zehar bizi izan duen erronka potoloenetako baten aurrean gaude. Etorkizun oparo eta askea ziurtatzeko neurriak hartu beharko ditugu, gizarte moduan eta gizabanako moduan.
Agintariek eta politikariek maila eman beharko dute legeekin eta araudiekin, baina guk ere arduraz jokatu beharko dugu, gutxienez gure seme-alabak euren arbasoak bezain ongi bizi daitezen.
Ongi bizitzea ondasun materialak izatea baino askoz gehiago da.