Belar-metak

Erabiltzailearen aurpegia Iker Badiola Etxaburu 2026ko otsailaren 23a

Aurreko batean, Negu Trail izeneko mendi-lasterketa ikustera joan nintzen Berastegira, Gipuzkoa eta Nafarroa arteko mugara.

Mendia eta natura gustuko dugunontzat paraje aparta benetan, eta, negu betean izanda, xarma berezi duen ingurua. 

Udaletxeko areto batean banatzen ziren dortsalak eta izkina batean ikusgai zeuden irabazleei emango zitzaizkien garaikurrak. Garaikur haiek atentzioa eman zidaten, baina ez nintzen bakarra izan. Lasterkarien zain geundela, nirekin zegoen beste pertsona batek ere gai beraren inguruan jardun zuen. Negu Traileko garaikurrak, bitxiak izateaz gain, beste pertsona harentzat ere politak ziren. Eta zer zuten berezitik? Belar-meta txiki batzuk ziren. Orain belar-metarik ez dela ikusten eta horren inguruan luze eta zabal solasean genbiltzala, korrikalariak agertu ziren, eta eten egin genuen gai haren inguruko berriketaldia. 

Etxera heltzean, seme-alabei esan nien belar-metak izugarri gustatu zitzaizkidala garaileentzako opari moduan, eta haien erantzuna zera izan zen: "Belar zer?". Ez zekiten zer diren belar-metak, eta, ezjakintasunak harritu egin ninduen arren, aurrez Berastegin izandako berriketan aipatutako hainbat gauza etorri zitzaizkidan burura. Gaur egun gure larretan ez da belar-metarik ikusten; horien ordez, plastiko beltzez egindako fardoak agerikoak dira. Nola jakingo dute nire seme-alabek zer diren belar-metak ez badituzte ikusten? 

Izanak izena omen du, baina, batzuetan, izen batzuk izanik gabe gelditzen dira. Zergatik desagertu dira Euskal Herriko zelaietatik hain esanguratsuak eta gureak ziren belar-pilaketa haiek? Teknologia berriekin sortzen diren fardoak hobeak ote? Abeltzaintza ofizio moduan gainbeheran den ogibidea izanik, gero eta belar gutxiago behar ote? Ez dakit zein den arrazoia edo bat baino gehiago dauden, baina gauza bat argi gelditu zait: ez naizela belar-meten desagerpenaz jabetu, garaikur txiki haiek ikusi ditudanera arte. 

Horrela gertatzen dira aldaketa eraldatzaileak, emeki-emeki eta isil-isilik. Ez dira bat-bateko aldaketa bortitzak, baizik eta ur tanta batek harria higatzean sortzen duen zuloaren modukoak; isilak eta sakonak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak