Kirmen Uribe ondarrutarrak Letamendi-Urresti familiaren bizipenen inguruan idatzi zuen Elkarrekin esnatzeko ordua (Susa, 2016) irakurri nuenetik, nire bihotzeko liburutegian dago; eta Asier Altuna bergararrak Karmele izenburuarekin eraman du pantaila handira, Karmele Urresti delako liburuko protagonistetako bat.
Egiari zor, Letamendi-Urresti familiakoak hurbilekoak ditut, eta, protagonistak ezagutuz gero, betiere hurbilago sentitzen da liburu bat. Liburu hark barruak mugitu zizkidan; izan ere, orain urte batzuk nire bizitza profesionaleko mugarri bat bete behar nuenean publikoki aurkezpen bat eginez, liburu haren azala erakutsi eta bertan jasotako istorioa kontatuz hasi nintzen, bertan bildu ziren askoren harridurarako. Hortaz, ez naiz batere objektiboa Karmele izugarri gustatu zaidala esaten badizuet; baina nire gogoeta ez doa irizpide zinematografikoen inguruan. Zinema mundura zabaltzen den leiho handi bat dela ezin dugu ukatu. Zinemari esker ikasi dugu John Nash matematikari estatubatuarrak buruko gaitz larriak izan arren Ekonomiako Nobel saria irabazi zuela Jokoen Teoriari esker, Oskar Schindler enpresari austriarrak hainbat judu salbatu zituela Holokaustotik edo eskoziarrek Bannockburn-eko batailan ingelesengandik independizatzea lortu zutela.
Kontzientziak astintzeko ere balio izaten du zinemak, eta ez naiz sartuko horiek aipatzen, milaka adibide daude eta. Argi dagoena da zinema tresna egokia izan daitekeela gertaera edo gai bat zabaltzeko, eta Karmele filmak hori ere egin du. Euskaldun askok gerra garaian eta ondoren bizi izan zuten errepresioaren eta haien erantzun duinaren eta konprometituaren lagin bat da bai liburua zein filma.
Faltan igartzen ditut Karmele bezalako film gehiago. Irudipena daukat batzuetan euskal nortasuna bizirik mantentzea lortu zutenen memoriak ez digula ezer axola eta gure ondorengoei eta munduari ez diogula behar den bezala azaltzen. Justiziagatik eta herri harrotasunagatik haien izenak aldarrikatzea herri bezala dagokigun behar bat da. Hainbat gertaera eta pertsonaia eraman ditzakegu zinemara, izan zuten garrantzia eta izaera munduak ezagutu ditzan. Ez dakit egunen batean ikusiko dudan, baina herri honetan kontsentsu nahiko eta berebiziko garrantzia izan zuen Jose Antonio Agirre Lekuberen film bat gustura hartuko litzateke. Hor doa nire erronka euskal zinemagileentzat.