Gaur egun ere asko dira Europa bahituta dagoela esaten dutenak, baina ez jainkoen eta gizakien aitak; baizik eta gizatiarragoak diren beste jauntxo batzuek. Etengabe entzuten dugu Europak nazioarteko politikan ez duela hitzik. Teknologian atzetik gabiltzala eta ekonomian mundua gobernatzen duten potentzien menpe gaudela. Kritikak etengabeak dira, edozein esparrutan bilduta ere; izan lana, izan lagunartea edo familia. Guztiek mantra bera errepikatzen dute: hau pikutara doa eta txotxongilo bihurtu gara.
Europari aurre egiten dioten agintariak oso erasokorrak dira, eta badirudi horren aurrean erantzunik ez dagoela, baina, aldi berean, ez dut uste agintari autoritario horien eredua kopiatzeak inolako onurarik ekarriko ligukeenik.
Bestalde, Europak beste potentziekiko desabantaila bat duela esaten da: aniztasuna. Hainbat herrialdez osatutako komunitatea gara.
Karel Capek idazle txekiarrak esaten zuen Europaren sortzaileak hainbat zati txikitan zatitu zuela hura, gure bihotzak haren aniztasunagatik poztu zitezen. Nik ere, Capek jaunaren moduan, uste dut aniztasuna giltzarri hartuta batasunez jokatzeko garaia dela munduan gure lekua aldarrikatzeko. Batasuna estrategian, ekintzan eta kanpo-harremanetan. Horretarako batasunak oinarri bat izan beharko luke.
Europaren sortzailetzat ditugun Monetek, Adenauerrek, De Gasperik, Schumanek eta Spaak zituzten balioak: askatasuna, demokrazia eta berdintasuna. Orain arte beste modelo batzuen aurrean Europaren ikur izan den ongizate-estatua. Herritar guztien Europa, guztion bizi-baldintza duinak bermatuko dituena eta inor atzean utziko ez duena.
Orain artekoari eustea erronka potoloa izanda ere, berrikuntzari, zientziari eta tolerantziari atea zabaltzen badiegu eta gure indarrak horretan jarri armadak gizendu beharrean, bidearen zati bat eginda izango dugu. •