Aurten 50 urte bete ditu KIDE kooperatibak. Lea-Artibai eskualdeko Berriatua herriko Gardotzako poligonoan bere sorreratik dagoen enpresa, hotz industrialera dedikatzen da. 50 urte betetzea ez da gauerdiko ahuntzaren eztula, eta, norbaiti erraza iruditzen bazaio ere, errazetik gutxi izan du bai bere sorrerak zein ibilbideak.
1975ean, Lea-Artibai inguruko gizon-emakume batzuek batu eta industriari bultzada bat emateko asmoa agertu zuten. Jose Mari Arizmendiarrietak –hura ere lea-artibaitarra– Arrasaten abian jarri zuen mugimendu kooperatibora jo zuten, eta bertan jaso zuten ezinbesteko izango zitzaien babesa.
Garai hartako Lankide Aurrezki Kutxak Berriatuko Gardotza auzoan lursail batzuk erosi eta ekintzaileen esku utzi zituen; gerora ere bankuaren laguntza ezinbestekoa izango zitzaien bizi izan zituzten krisiei aurre egiteko. Ez zen erraza lehen sektorea nagusi zen tokian industria ekimen bat aurrera ateratzea, baina hainbat izerdi eta malkoz lortu zen. 50 urte geroago, galdera asko daude airean; adibide bat jartzearren, zein izan da KIDEren ekarpena eskualdera? Aberastasuna. Hainbat familiaren ogibidea urte askotan; eta aberastasun hori modu justuan banatuta enpresaren jabe diren langileen artean; hori berori zelako Arizmendiarrietaren justizia sozialaren ideia nagusia.
Lehengo zein oraingo langile haien beste ezaugarri bat apaltasuna da. Inork ez du gailentzen bere burua taldearen gainetik, eta, euskaldunok sarri egiten dugun moduan, euren buruari meritua kentzen diote. KIDEren kasuan, pertsonalki gauza askok ematen didate atentzioa. Batetik, nola izan ziren gai Euskal Herriko txoko hartatik mundura zabaltzeko, garraiobide eskasak zituen eskualde batetik. Gehienentzat berria zen arlo bat izanik, nola lortu zuten lehiakor izatea. Nola konbentzitu zituzten erakundeak euren apustura batzeko. Erantzuna nahiko argia dela uste dut: KIDE ziren. Lagunen indarrak eta batera arraun egiteko kemenak itsas nahasietan boga egiteko gaitasuna eman zien.
Bejondeiela lehengo eta oraingo KIDEei.
